Politika -

HAUTESKUNDEAK KATALUNIAN

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen irakurketa eta PP zein PSErena, aurrez aurre

Abenduaren 21ean Katalunian izandako hauteskundeen emaitzak oso modu ezberdinean ikusten dituzte EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, PP eta PSErekin alderatuz gero.

Rajoyk porrot egin duela uste dute EAJk, EH Bilduk eta Podemosek

1:30

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolore guztietako politikariak elkartu dira beste behin larunbat honetan, Radio Euskadiko "El Parlamento en la Ondas" saioan, eta ostegunean Katalunian izan ziren hauteskundeak eta horien emaitzak izan dituzte hizpide.

Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen iritziz, "hauteskundeek lurperatu egin dute 155 artikulua" eta Espainiako Gobernuaren lehen erabakia kartzelan dauden pertsonak libre uztea izan beharko litzateke. Legebiltzarkide jeltzaleak ez du uste Mariano Rajoyk berriki egindako adierazpenetan inolako jarrera aldaketarik dagoenik, baina fase berri honetan "elkarrizketa eta irtenbideak" bilatzeko "zuzenketatik, lehengoratzetik eta erreparaziotik" hasi beharko liratekeela pentsatzen du.

Ildo berean, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gaineratu du hauteskundeen ondoren "atzera bueltarik gabeko puntu bat" dagoela, "inflexio puntu bat independentismoaren zilegitasunean", "errepresioaren gainetik, independentziak irabazi baitu". Casanovaren ustez, "emaitza argia izan da: 155ak eta horren aldeko alderdiek porrot egin dute eta alderdi independentistek garaipen epikoa lortu dute". Eta izan den parteharteak garbi utzi du "gehiengo ixil bat zegoelaren mezua gezura zela".Elkarrekin Podemosek ere onartu egin du garaipen independentista. Tinixara Guantxa legebiltzarkidearen arabera, emaitzek argi uzten dute independentziaren aldeko gehiengo nabarmen bat dagoela, ez baita "blokeetan aldaketa nabarmenik izan", baina are nabarmengo geratu da "erabakitzeko eskubidearen aldekoak askoz ere gehiago direla kontrakoak baino". Dena dela, kezkatuta agertu da "eskuinak, Ciudadanosen eskutik, izan duen garaipenarekin" eta polaraziazioak ez diola Cataluña en Comuri mesederik egin aitortu du. "Inmobilismoa ez da laguntzen ari eta hemendik aurrera ezin dira azken hilabeteetako akatsak errepikatu. Arazoi politikoei ezin zaie irtenbide judizialik eman eta elkarrizketa jarri behar da mahai gainean".

Aitzitik, irakurketa oso bestelakoa egiten du Laura Garrido PPko legebiltzarkideak. Hauteskundeen irabazlea alderdi ez independentista bat izan dela nabarmendu du, eta gainera, "independentziaren aldeko indarren emaitzak gutxitzen" ari direla azken urteetan "bai bototan bai eserlekutan". PPk ez duela inoiz hitz egiteko arazorik izan gaineatu gu, baina, hori bai, "legearen barruan". Izan ere, Alderdi Popularrari kezka eragiten dio "etorkizunean sor daitekeen ezegonkortasunak".

Alexia Castelo PSE-EEko legebiltzarkideak esan du, berriz, Katalanek hemendik aurrera "elkartasun eta berradiskidetzea" behar dituztela eta "guztien artean Katalunia anitz bat josi behar" dela. Aukera politiko ez independentisten alde jo dutela herritar gehienek esan ondoren, "hauteskundeen aurretik ere Kataluniako gizartea anitza" zela bazekitela eta A21eko amaitzak "aniztasun horretatik" irakurri behar direla esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak PNV-EAJ EH Bildu Bizkaia PSE-EE Bizkaia Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Euskadiko Podemos-eko albisteak