Politika -
Kataluniako hauteskundeak
Espainiatik kanpo biltzea proposatu dio Puigdemontek Rajoyri
Bilera hori alde bien arteko "aurrebaldintzarik gabe" egin beharko zela uste du Puigdemontek.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Junts per Catalunya (JuntsxCat) hautagaitzako zerrendaburuak "Espainian barik Bruselan edo EBko edozein herritan biltzeko" proposamena egin dio ostiral honetan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.
Puigdemontek Bruselan eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, bilera hori alde bien arteko "aurrebaldintzarik gabe" egin beharko litzateke. Espainiako Gobernuko presidenteak "aukera bikaina dauka irtenbideen alde jartzeko eta arazo gehiago ez sortzeko", gaineratu du.
Bloke independentistak osteguneko hauteskundeetan berriro gehiengoa lortu eta gero heldu da Puigdemonten proposamena.
"Rajoy jaunak, hitz egitera eseri beharrean, denetarik egin du", esan du.
"Bide politikoaren garaia da", adierazi du Puigdemontek. "Ez da horren larria botoa ematea, hori baldin bada herritarrek nagusiki nahi dutena", azaldu du.
Bestalde, independentistek esan beharrekoa "entzuteko" eskatu dio Europar Batasunari, Kataluniari buruz bere iritzia eman nahi baldin badu, "alderdi guztiek esan beharrekoa" entzun behar baitu.
"EBri ez diot iritziz aldatzeko eskatzen; Rajoy jaunaren bideari laguntzeko eskubide osoa baitauka, bide okerra izan arren. Urtetan irabazi duguna errespetatzea besterik ez dut eskatzen; entzun gaitzatela, alegia", adierazi du.