Politika -

DIPUTATUEN KONGRESUA

Ostegunean bozkatuko dituzte Kongresuan Kupoaren eta Kontzertu Ekonomikoaren legeak

PPk, PSOEk eta EAJk aldeko botoa emango dute. Kongresuaren babesa jaso ondoren, Senatuan jarraituko du eztabaidak. EH Bilduk abstentzioa iragarri du eta horrek tentsioa sortu du jeltzaleekin.

Espainiako Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Espainiako Diputatuen Kongresua.
EH Bilduk baietza emango dio Kontzertuari eta absentzioa Kupoari

1:31

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuan gaur hasi dute 2017-2021 aldirako Kupoaren Legearen eta Kontzertu Ekonomikoaren lege berriaren tramitazioa. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 1.300 milioi euroan ezarri dute 2017ko Kupoa. Legeak onartzeko, tramitazio zuzena eta irakurketa bakarra baliatzea onartu dute gaurko osoko bilkuran, eta ostegunean aztertu eta bozkatuko dituzte bi legeak.

Bi legeen aldeko botoa emango dutela aurreratu dute PPk, PSOEk eta EAJk; Ciudadanos eta Compromisek, ostera, kontra. EH Bilduk jakinarazi duenez, Kontzertu Ekonomikoa babestuko du, baina Kupoari abstentzio kritikoa emango dio.

Horrek Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren erantzuna eta haserrea ekarri du. "Ez dugu ulertzen inola ere EH Bilduren jarrera; euskal gizarteari azaldu beharko dio, baina ez dugu uste ulertuko duenik", adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak. Erkorekaren ustez "ez da erraza" euskal alderdi batek jarrera hori izatea Ciudadanos bezalako alderdiak Kontzertuaren eta Kupoaren aurkako "kanpaina" egiten ari direnean.

Haren esanetan, EH Bilduren diputatuek "bide" ematen diete horien argumentuei, eta "ulertezina da estrategia horrekin bat egitea".

Nagua Alba Unidos Podemosen diputatu euskaldunak, bestalde, kontzertua eta tramitazioa ez ulertzea leporatu dio Ciudadanosi, eta alderdi laranjaren Estatu proiektu "estua" kritikatu du, administrazioen aldebikotasunari alergia diolako.

Ciudadanos izan zen kontra bozkatuko zuela iragartzen lehena, eta bi zuzenketa aurkeztuko zituela gaineratu zuen. Alderdi laranjaren iritziz, erregimen komunean dauden autonomia erkidegoekiko "bidegabekeria da" EAEkoa. Compromisek, ostera, kontrako botoa Espainiako Gobernuarekiko "errebeldia" ekintza izango dela azpimarratu du.

Edozein kasutan, Espainiako Diputatuen Kongresuak ostegun honetan onartuko ditu Kupoaren Legea eta Kontzertu Ekonomikoaren lege berria; izan ere, bi legeek PP, PSOE eta EAJren babesa dute, eta hiru alderdi horiek gehiengo osoa dute Kongresuan.

Kongresuak Kupoa 2014an babestu zuen azkenekoz. Orduan, zazpi diputatuk eman zuten kontrako botoa (diputatu guztien % 2): UPyDko bost diputatuk eta PPko bik —Alfonso Alonso diputatu popularra nahastu egin omen zen eta kontra bozkatu zuen—. Bost urte geroago, Kontzertu Ekonomikoari eta Kupoari ezetz esango dioten diputatuen kopurua bost bider handiagoa izango da, Ciudadanos eta Compromis taldeek 36 diputatu baitituzte.

Azaroaren hasieran, Kupoaren lege-proiektua eta Kontzertu Ekonomikoa aldatzea onartu zuen Ministroen Kontseiluak, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adostuta. Orain, baina, Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren babesa behar dute aldaketa berresteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Berriak Politika EAJ-PNV Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Kontzertu Ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa