Politika -

NAZIOARTEKO BIDAIA

Urkullu Quebecen, bi herrien arteko harremana estutzeko

Lehendakariak bidaia ekonomiko, instituzional eta kulturala egingo du Kanadara. Montreal, Quebec eta Ottawa bisitatu eta bilerak egingo ditu agintariekin eta euskal kolektibitatearekin.

AGENTZIAK | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bidaia ekonomiko, instituzional eta kulturala egingo du Quebecera. Atzo abiatu zen eta astelehenean, urriaren 30ean, ekingo dio bisitari. Urkulluk Montreal, Quebec eta Ottawa bisitatuko ditu eta harreman politikoak, historikoak eta kulturalak estutuko ditu.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak bilerak egingo ditu Quebeceko agintari eta erakundeekin, enpresa, hezkuntza eta kultura munduarekin eta euskal kolektibitatearekin.

Eusko Jaurlaritzak gogoratu duenez, Quebec "lehentasuneko bazkidea" da Euskadi-Basque Country 2020 nazioartekotzeko esparru estrategiaren barruan. Bere kultura eta hizkuntza aniztasunaren babesagatik, Euskadirekin lotzen duten harremanengatik, berrikuntzaren aldeko apustuagatik eta aldaketa klimatikoaren kontrako jarreragatik katalogatu da lehentasuneko bazkide.

Jaurlaritzako lehendakari batek Quebec bisitatzen duen lehen bidaia ofiziala izango da. Urkullurekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izango dira. Urkulluk legegintzaldi honetan (2016tik aurrera) atzerrira egingo duen bosgarren irteera izango da. Aurrekoetan, Erroman, Auschwitzen, Bruselan eta Bogotan izan zen.

CETAren osteko lehen bidaia

"Euskadirentzako zein Quebecentzako aukeren agertoki batean biltzen da bidaia ofiziala. Aukerak erakunde harremanen arloan, lehen aldiz bilduko baitira bi gobernuak, eta kulturaren eta ekonomiaren arloan, CETA akordioa onartu ostean. Gainera, Eskoziak eta Quebecek legaltasun printzipioa eta printzipio demokratikoa uztartzearen eredu dira hitzartutako legezko galdeketaren bitartez", azaldu du.

Egonaldian zehar, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak erakunde harremanak izango ditu Philippe Couillard Quebeceko lehen ministroarekin eta lankidetza memoranduma sinatuko dute. Horrez gain, Quebeceko Parlamentuko kideekin bilduko da, baita lehen ministrordea eta Ekonomia, Berrikuntza eta Zientziako ministroarekin ere.

Enpresa topaketei dagokienez, euskal ordezkaritzak bertatik bertara ezagutuko ditu nazioartekotutako euskal enpresa batzuk eta Quebeceko puntako sektoreak. Halaber, IREQ bisitatuko du, nazioarteko eremuan erreferentziazko energiarekin lotutako I+G institutua.

Bestalde, Urkulluk bi hitzaldi egitea ere aurreikusi da: bat Montrealeko Nazioarteko Harremanetako Kontseiluan (CORIM) eta bestea herrialdeko unibertsitate garrantzitsuenetako batean, Laval Unibertsitatean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iñigo Urkullu Lehendakaria Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kanada