Politika -
KONGRESUA
Rajoy: 'Zentzua eskatzen diot Puigdemonti, 155. artikulua saihesteko'
Kongresuan egin den kontrol saioan, Jordi Xucla PDeCATeko diputatuak Rajoyri erantzun dio Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeak ez duela Kataluniako gatazka konponduko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak "Konstituzioaren 155. artikulua saihesteko bihar arteko epea" duela esan dio Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari. "Interes orokorra kontuan hartu, eta zentzuz eta neurriz jokatzea eskatzen diot Puigdemonti", adierazi du Rajoyk.
Kongresuko kontrol saioan egin ditu adierazpenok Espainiako presidenteak, Jordi Xucla PDeCATeko galdera bati erantzunez. Rajoyk joan den astean Puigdemonti igorritako errekerimenduaren arabera, bihar arteko epea du Kataluniako gobernuburuak independentzia aldarrikatu zuen edo ez argitzeko.
"Dagoeneko sortu dituenak baino arazo gehiago eragin ez ditzan", Puigdemontekin hitz egiteko eta "konbentzitzeko" eskatu dio Rajoyk Xucla diputatuari. Bestela, Espainiako presidentearen iritzian, "inoiz hartu nahiko ez lukeen erabakia hartu beharko du Gobernuak".
Berehala etorri da PDeCATeko diputatuaren erantzuna. Horren arabera, 155. artikulua ezartzeak ez du Kataluniako arazo politikoa konponduko, eta porrot politikoa izango da.
Horrez gain, azken egunotan Espainiako Gobernuaren ahotan egon den Generalitateko hezkuntza sistema ez ukitzeko eskatu die diputatu katalanak PPko agintariei. Katalunian "kohesioa eta askatasuna" oinarrian dituen hezkuntza sistema dutela azpimarratu du Xuclak.
Puigdemontek joan den astearteko saioan independentzia aldarrikatu zuen edo ez jakin nahi izatea "logikoa, arrazoizkoa eta zentzuzkoa" dela esan du Rajoyk. Erantzuna bata edo bestea izan, Espainiako Gobernuak, "orain arte bezala, proportzionaltasunez" erantzungo duela iragarri du.