Politika -

Poliziaren jokabidea

Giza eskubideen komisarioak U-1eko kargak ikertzeko eskatu dio Zoidori

Jaso dituen txostenen arabera, Espainiako Poliziak "indarra neurriz kanpo erabili zuen manifestari baketsuen eta erresistentzia pasiboa egiten ari zirenen aurka".

istiluak

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nils Muiznieks Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak Espainiako Poliziak U-1ean egindako kargen aurkako salaketak ikertzeko eskatu dio Juan Ignacio Zoido Espainiako Gobernuko Barne ministroari.

Muiznieks komisarioak Espainiako ministroari urriaren 4an igorri zion gutun batean azpimarratu zionez, ikerketa "oso garrantzitsua da, tentsioa eta indarkeria areagotzea saihesteko".

Komisarioaren ustez, erreferendumaren egunean gertatutakoaren erantzukizunak argitzea "ezinbestekoa da herritarrek segurtasun indarretan duten konfiantza ez galtzeko".

Giza Eskubideen komisarioak jaso dituen txostenen arabera, Espainiako Poliziak "indarra neurriz kanpo erabili zuen manifestari baketsuen eta erresistentzia pasiboa egiten ari zirenen aurka".

Gainera, istiluen aurkako armak eta gomazko pilotak erabili izana kritikatu du, eta, 2013an Espainiari buruz egindako txostenean esan zuenez, "horrelako armak erabiltzea oso arriskutsua da manifestarien segurtasunerako".

Halaber, agenteek tentsio egoera horretan lan egiteko zailtasun handiak dituztela kontuan izanda, Muiznieks komisarioak armak arautu eta horien erabilera gainbegiratzearen alde egin du. Horren iritzian, agenteek "jarraibideak jaso beharko lituzkete indarra neurriz erabiltzeko".

Polizia eta herritarrak, aurrez aurre Kataluniako kaleetan
Polizia eta herritarrak, aurrez aurre Kataluniako kaleetan
Polizia eta herritarrak, aurrez aurre Kataluniako kaleetan

1:05

Muiznieks segurtasun indar guztien aurkako salaketa sistema bat ezartzearen alde agertu da, "bai Herriaren defendatzailearen eskumenak zabalduz, baita organo berri bat ezarriz", egun indarrean daudenek ez baitituzte zigor egokiak jartzea bermatzen.

Komisarioak Zoido ministroak bi egun geroago emandako erantzuna ere argitaratu du. Zoidoren esanetan, Estatuko Segurtasun Indarrek "botere judizialaren aginduak" bete zituzten, eta "zuhurtziaz, modu egokian eta proportzionaltasunez" jokatu zuten.

Poliziaren kargak "ez ziren herritarren eta horien ideien aurka zuzenduta egon, eta kontsulta ez egitea izan zuten helburu", adierazi zuen Zoidok, baina "ezin da gainerako eskubideak baztertzen dituzten gutxi batzuen jarrera onartu".

Ministroaren arabera, "sistema demokratikoen lehen baldintza legea da", eta "legetik kanpo ez dago demokraziarik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak EB Kataluniako erreferenduma gaur Espainiako Gobernua argazkiak Eguneko albisteak Eskubide unibertsalak