Politika -
Katalunia
Aste erabakigarria Kataluniako balizko independentziaren aldarrikapenerako
Puigdemontek Kataluniako gaur egungo egoera politikoa aztertuko du 18:00etan. Bitartean, osoko bilkura egingo dute Diputatuen Kongresuan.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 1ean Katalunian egindako erreferendumaren emaitzen inguruko bi bozketa egingo dira astearte honetan, urriak 10, Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran. Bien bitartean, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak independentziari buruzko galdeketaren osteko egoera politikoa aztertuko du Kataluniako Parlamentuan.
Hasieran, asteleheneko osoko bilkuran agerraldia egiteko asmoa agertu zuen Puigdemontek, erreferendumaren emaitzak eta ondorioak aztertzeko helburuarekin. Alabaina, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen egun horretarako deitutako saioa, agerraldiaren helburu nagusia Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak debekatutako legez kanpoko galdeketa baloratzea zela iritzita.
Puigdemontek ez zion uko egin bere asmoari, eta Kataluniako Parlamentuan hitz egiteko eskaera egin zuen berriro "Kataluniako egungo egoera politikoari buruz informazioa emateko" asmoz, erreferendumari aipamen zehatzik egin gabe. Oraingoz ez dago argi 18:00etan hasiko den osoko bilkura horretan Puigdemontek independentzia aldarrikatuko duen. Alabaina, Puigdemonten agerraldiak bat egingo du Kongresuan egingo duten beste bilkurarekin.
Madrilen, Esquerra Republicanak eta PDeCATek aurkeztutako bi mozioen inguruan eztabaidatuko dute Kongresuan ordezkatuta dauden talde parlamentarioek. Zehazki, galdeketaren emaitzak onartu eta Generalitatearekin negoziazioak hasteko eskatzen diote bi alderdiek Mariano Rajoyren Gobernuari.
Esquerra Republicanak aurkeztutako mozioak gai bakarra jorratzen du. Horren bidez, urriaren 1eko erreferendumaren emaitzak aintzat hartu eta Kataluniako Gobernuarekin negoziazioak hasteko deia egin nahi dio Espainiako Gobernuari, "Kataluniako herritarrek hautetsontzietan adierazitako nahia bete dadin".
Halaber, PDeCAT alderdiak U-1eko emaitzak aintzat hartzeko eskatuko du Kongresuan, "herritarrek euren etorkizunari buruz demokratikoki" hartutako erabaki baliagarri gisa. Gainera, Espainiako Estatuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa "berehala" hasteko eskatuko du.
Bestalde, Unidos Podemos, ERC, PDeCAT, Ciudadanos eta EH Bildu alderdietako diputatu eta senatariek ere horren inguruko galdera batzuk prestatu dituzte asteartean egiteko. Ikuspuntu desberdina izanik ere, Kataluniako egungo egoera politikoa aztertu eta negoziazioa onartzeko eskatuko diote Rajoyren Gobernuari. Halaber, Estatuko segurtasun indarrak Kataluniatik ateratzeko eskatuko diote alderdi batzuek.
EAJren kasuan, Espainiako Gobernuak hartutako neurrien inguruan eta gatazkari irtenbide politiko bat bilatzeko negoziazioei emandako ezetza izango ditu hizpide.
Alderdi sozialistari dagokionez, segurtasun indarrek U-1ean izandako portaeraren inguruan galdetuko dio PSOEk Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeari. Hala, hurrengo astean eztabaidatu lezaketen mozioaren ondorioz Kongresuan gaitzespen osoa adierazi lezakete.