Politika -
Mobilizazioak astearte honetan
Sindikatu abertzaleek 'Kataluniako herriari' elkartasuna adieraziko diote
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte astearte honetarako Hego Euskal Herrian.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte astearte honetarako Hego Euskal Herrian, Kataluniako greba, lanuzte eta mobilizazioei babesa emateko. Era berean, burujabetza prozesu propioa martxan jartzea aldarrikatuko dute.
Goizean elkarretaratzeak egingo dituzte lantokietan, “atsedenaldietan”. Gainera, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletxeen aurrean ekitaldiak egingo dituzte, 11:00etan. Iruñean gauza bera egingo dute, baina 12:00etan.
Arratsaldean manifestazioak egingo dituzte 19:00etan, Bilbon (Moyua plaza), Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plaza), Donostian (Boulevard) eta Iruñean (Gazteluko plaza).
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, Iñigo Urkullu lehendakariak “badaki Espainiako Estatuak ez duela Kataluniaren eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea onartzen”. “Legearen inperioak Euskal Herriaren eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidearekin talka egiten du”, erantsi du prentsaurrekoan.
Bestalde, “arazo politiko bati atzo Katalunian emandako erantzun errepresiboa” salatu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. “Kataluniako herriak lezio handia eman” zuela uste du Aranburuk.