Politika -
Kataluniako erreferenduma
ANC: 'Norbaitek huts egin du Moncloan, baina Europak kontuan izango du'
Jordi Sanchezek Espainiako Estatuaren "irrazionaltasunaren" aurka egin du, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila "bakea nagusi” zen hauteslekuetan sartu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Sanchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) presidenteak Espainiako Estatuaren "irrazionaltasuna" kritikatu du, segurtasun indarrak erreferendumeko hainbat hauteslekutan erakutsitako jokabidearen aurrean: "Norbaitek huts egin du Moncloan, baina Europak kontuan izango du".
Sanchez Bartzelonako Palau Robertera joan da independentzia erreferendumean bozkatzeko, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiarekin batera.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Sanchezek Espainiako Estatuaren "irrazionaltasuna" salatu du, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila "bakea, lasaitasuna, poza eta ilusioa nagusi" ziren hauteslekuetan sartu ostean, bozkatzeko eskubidea galarazteko.
"Moncloan norbaitek huts egin du, baina seguru gaude Europa, azkenean, Espainiako Estatuaren demokraziaren aurkako jarreraz ohartuko dela", adierazi du ANCko presidenteak.