Politika -
Kataluniako erreferenduma
Generalitateak ez du onartu Barne Ministerioak mossoen kontrola hartzea
Generalitateko Barne kontseilariak esan du "Mossoekin egindako esku-hartzeak marko juridikoak Kataluniako segurtasuna koordinatzeko dituen erakunde guztiak saltatzen dituela”.
Agentziak | Erredakzioa
Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak, larunbat honetan, esan duenez, Kataluniako Gobernuak ez du onetsi “Espainiako Estatuak Esquadra Mossoekin egindako esku-hartzea, marko juridikoak Kataluniako segurtasuna koordinatzeko dituen erakunde guztiak saltatzen dituelako”.
Deklarazio instituzionalean, Fornek deitoratu egin du Barne Ministerioak Mossoen koordinazioa bere gain hartu nahi izana, "Polizia Nazionalarekin eta Guardia Zibilarekin batera, ordena publikoa mantentzeko eta urriaren 1eko independentzia erreferendumarekin zerikusia izan dezaketen delituak egitea ekiditeko".
“Estatuak mossoen operazioak zuzendu nahi ditu, Espainiako Gobernuko ministerioko goi kargu baten bitartez, eta hau onartezina da”, adierazi du.
Kontseilariak Gobernuak Esquadra Mossoekin esku hartzeko nahia salatu du, “Generalitateko finantzekin egin den modu berean”.
Fornen hitzetan, Kataluniak dagoeneko baditu komunitate honetan segurtasun indarren jokabideak teknikoki koordinatzeko erakundeak, Segurtasun Batzordearen baitan. Bilera berean horri buruzko informazioa eman diotela Fiskaltzari gaineratu du.
Fornek azaldu duenez, Josep Lluis Trapero Mossoen buruak goizeko bileran honako hitzok esan ditu: “Espainiako Estatuaren ordezkaritzaren koordinazioa ez dugu onartu”.
Halaber, kontseilariak azpimarratu du Barne Kontseilaritzako zerbitzu juridikoak instrukzioa aztertzen ari direla, erantzun juridiko bat emateko.
Mossoen artean gehiengoa duen sindikatuak erabakia kritikatu du
Bestalde, SAP-FEPOL Esquadra Mossoen artean gehiengoa duen sindikatuak “guztiz” kritikatu du Kataluniako fiskal nagusiak Barne Ministerioak Kataluniako segurtasun-indarren jarduera guztien koordinazioa bere gain hartzea agindu izana, urriaren 1eko erreferenduma ekiditeko.
Sindikatuak esan du ez duela erabakia ulertzen, eta “Kataluniako Segurtasun Batzordea deitu gabe ere” hartu izana salatu du.
SAP-FEPOLek adierazi du orain arte “urriaren 1aren harira isilaldi arduratsua” mantendu duela, baina haustea erabaki duela Fiskaltzaren azken erabakiaren ostean.
Oharraren arabera, Esquadra Mossoak “ezin dira politizatu”, eta gaur hartutako erabakia “argi eta garbi guztiz politikoak diren erabakiengatik baldintzatuta dago, eta ez hertsiki operatiboak diren erabakiengatik”.
Mossoen buruzagitzak instrukzioaren berri eman die agenteei
Esquadra Mossoen buruzagitzak barne ohar batean jakinarazi die agenteei Kataluniako Fiskaltzak emandako instrukzioa. Segurtasuneko Estatu Idazkaritzako goi kargu bat izango dela “dispositiboak koordinatzeaz arduratuko” dena, urriaren 1eko erreferenduma galarazteko.
Barne oharra zabaldu egin dute, eta Mossoen polizia-etxetan irakurri dute arratsaldean. Bertan azaldu dutenez, Kataluniako Fiskaltza Nagusiari jakinarazi zaio Esquadra Mossoak “haren aginduak betetzen jarraituko duela, baina ez duela partekatzen jardueraren zati bat Barne Ministerioaren menpe dagoen talde batek antolatzea, ezta laguntzea ere".
Generalitateko Barne Departamentua eta Poliziaren zuzendaritza nagusiaren zerbitzu juridikoak Fiskaltzaren instrukzioa aztertzen ari direla ere jakinarazi zaie agenteei. Alternatiba modura koordinazioa dagoeneko badauden erakundeek gauzatzea proposatu dute, besteak beste, Kataluniako Segurtasun Batzordeak.