Politika -

politika orokorreko bilkura

Euskal nazioa aitortuko duen estatu konfederala eskatu du Urkulluk

Gainera, galdeketa batek etorkizuna erabakiko luke modu "legalean, adostuan" eta bermeekin. Lehendakariaren esanetan, 37 dira eman gabe dauden eskumenak.

Lehendakaria, hitzaldiaren une batean. Argazkia: EFE
Urkulluk Estatu konfederalaren aldeko apustua egin du Legebiltzarrean

1:24

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariren esanetan, Estatuaren "lurraldeen labirinto  politikoaren irtenbidea Estatu konfederala" da, eta etorkizuna erabakiko luke modu "legalean, adostuan" eta bermeekin, galdeketa baten bidez.

Era berean, "kataluniar, galiziar eta euskal errealitateen aitortza juridiko-politiko, sozial eta kulturalean aurrerapausoak ematea eskatu du, "baita espainiarrean ere".

Euskadik "berezko bidea, euskal bidea" egitearen alde agertu da Urkullu, nazioaren eta gizartearen garapenean aurrera egiten jarraitzeko.

"Gure berezitasunak adierazten dituen itun politiko berria adostea proposatzen dut, Gernikako Estatutuak" jasotzen duen bezala, esan du. "Aldebiko ituna behar du izan, ahalmenak eta eskumenak bermatuko dituenak".

Politika Orokorreko Saioan egindako hitzaldian, Urkulluk euskal autogobernua etorkizunean izan du hizpide. Mariano Rajoyri eman gabe dauden 37 eskumenak gauzatzea eskatu dio, Estatutuaren auzia behin betiko ixteko, 37 urtez bete gabe egon gabe.

Lehendakariak ziurtatu duenez, bere gobernu-taldearen lehen konpromisoa "Gernikako Estatutua bere osotasunean betetzeko aurrerapausoak" ematea da eta, horretarako, txosten berri bat eskatu du eman gabe dauden eskumenak zehazteko. 37 dira eta, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaleak adierazi zuenaren arabera, Soraya Saenz de Santamaria Gobernu espainiarraren presidenteordeari emango diote txostena ostiralean.

"Jaurlaritzak adierazi du eta erakutsi du negoziaziorako eta akordiorako borondatea duela, espero dugu Gobernu espainiarrak berdin erantzutea. Kontzertuaren Batzorde Mistoan eta Segurtasun Batzordean berrabiarazitako aldebikotasunaren bidea da Estatutuaren auzia bertan behera utzi eta transferitu gabe dauden 37 eskumenak betetzeko bide, 37 urte bete gabe egon ostean".

Akordio mailarik handiena lortzeko, Iñigo Urkulluk hainbat gogoeta egin ditu, Legebiltzarreko "lanak garatu eta aurrerapausoak ematea errazteko".

Europara begira

Lehendakariaren arabera, "autogobernuaren eguneratzeak onartu beharko luke Euskadik Europar Batasunean eta Nazioarteko erakundeetan izan behar duen ordezkaritza". "Europako markoan, aukera eman beharko litzaioke Euskadiri bere eskumen propioei eragiten dieten nazioarteko hitzarmenetan parte hartzeko. Aldebiko akordioak egiteko aukera eta Europako erakundeetan parte hartzeko aukera. Baita ere subsidiariotasun eta proportzionaltasun printzipioak kontrolatzea Juncker presidenteak planteatu duen “eskumenen ordezkaritza” sistemaren bidez", esan du Urkulluk.

"Azkenik, lehentasuna emango litzaioke Euskadiko erakunde sozialak, kulturalak eta kiroletakoak sustatzeari, nazioartean kideko erakundeetan osoki integratzeari begira".

EBn “errealitate nazionalak” aintzatetsi

Bestalde, lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin eta Jean Claude Juncker Europako Batzordearen presidentearekin harremanak areagotuko dituela iragarri du, Europar Batasunean “errealitate nazionalak” onartzeko prozesuan “elkarrizketarako esparru bat” martxan jartzeko.

Legebiltzarreko talde politikoei emandako erantzunean, Kataluniako egoera hizpide izan du Urkulluk. “Burujabetzaren bukle politikoari irtenbideak EBn guztien lankidetza eta elkarlana behar ditu, akordio politikoak lortzeko benetako borondatea”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak