Politika -
Katalunia
Deklaratzeari uko egin diote Fiskaltzaren aurrera deitutako lehen alkateek
Oliana, El Pont de Suert eta Mollerussa udalerrietako alkateek eskubide horri heldu diote. Dozenaka herritarren babesa jaso dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako erreferenduma babestu dutela eta, ez deklaratzeko duten eskubideari heldu diote gaur Fiskaltzaren aurrera deitutako lehen alkateek. Miquel Sala, Jose Antonio Troguet eta Marc Solsona Oliana, El Pont de Suert eta Mollerussa (Lleida) udalerrietako alkateek, hurrenez hurren, ikertu bezala deklaratu behar izan dute goizean, baina deklaratzeari muzin egin diote.
Salak eta Troguetek La Seu d'Urgelleko (Lleida) Fiskaltzaren egoitzan zuten hitzordua, eta dozenaka herritarren babesa jaso dute. "Votarem" eta "independencia" oihuak egin dituzte bertan bildutakoek.
Marc Solsona Mollerussako alkateak diputatua ere badenez (foruduna da, beraz), Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren aurrean (Bartzelona) deklaratu behar izan du. Jende asko joan da hari babesa ematera:
Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea ere Bartzelonan izan da, Solsona babesten. Bertan ohartarazi duenez, "kereilek ez dute alkateen asmoa geldiaraziko", ezta Kataluniako Gobernuarena eta Parlamentuko Mahaiko kideena ere, eta urriaren batean katalanek "berme guztiekin" bozkatuko dutela berretsi du Forcadellek.
Ganberako presidenteak esan duenez, ez daki baietzak edo ezetzak irabaziko duen, baina "edozelan dela ere, Kataluniak irabaziko du".
Zitazio gehiago
Kataluniako 37 alkatek Fiskaltzaren aurrean deklaratu beharko dute datozen egunetan , urriaren 1eko erreferenduma egiteko lokalak uzteagatik. Ikertu bezala galdekatuko dituzte fiskalek. Hemen duzu galdekatuko dituzten alkate guztien zerrenda.
Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak (AMI) jakitera eman duenez, gaur hasi eta astelehenera bitartean deklaratuko dute Tarragona, Lleida, Girona eta Bartzelonako Fiskaltzaren egoitzan alkateek; Parlamentuko diputatu forudunen kasuan, ostera, Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren aurrean egingo dute.
Bestalde, Adam Tomas Ampostako (Tarragona) alkatea eta Democracia i Llibertateko (DiL) diputatua bere borondatez joango da deklaratzera; izan ere, Gorteetako foruduna da.
Albert Batet eta Neus Lloveras Vallseko (Tarragona) eta Vilanova i la Geltruko (Bartzelona) alkateek, hurrenez hurren, Kataluniako Fiskaltza Nagusiaren aurrean deklaratuko dute bihar, Parlamentuko diputatu direnez forudunak direlako. Halaber, Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak urriaren 1eko galdeketa bultzatu zuelako ere ikertzen ari dira Lloveras.
Halaber, Ferran Bel Tortosako (Tarragona) alkate eta diputatua astelehenerako deitu du Auzitegi Gorenak. Belek gaur eta bihar artean jakinaraziko du auzitegira joango den ala ez, borondatezkoa baita deklaratzera joatea.