Politika -
Katalunia
Urkullu: 'U-1ak ez du erreferenduma izateko beharrezko bermerik'
Lehendakaria "kezkatuta" agertu da, bai "politikaren judizializazioa" bai Kataluniako Parlamentuak deskonexio legeak onartzeko erabilitako prozedurak ikusita.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, Kataluniako auzian "zintzoak" izan behar gara, eta aitortu beharra dago urriaren 1ean egin asmo duten autodeterminazio erreferendumak ez duela beharrezko bermerik. "Urriaren 1ean gertatzen dena gertatzen dela ere, ez dago beharrezko bermerik, erreferenduma egiteko nahiari dagokionez", esan du.
Onda Vasca irrati katean elkarrizketa egin diote Urkulluri. Bertan adierazi duenez, "kezkatuta" dago egoerarekin. Batetik, "politikaren judizializazioa" salatu du, eta, bestetik, Kataluniako Parlamentuak deskonexio legeak onartzeko erabilitako prozedurak kritikatu ditu.
Lehendakariaren iritzian, "ordezkari politiko eta instituzionalok onartu behar dugu arazoa egon badagoela". Kataluniako Gobernuari dagokionez, Puigdemont "hitz egiteko eta konponbidea topatzeko prest" dagoela uste du Urkulluk.
Elkarrizketa politikoa, konponbide politiko baterako
Urkulluk nabarmendu du badela denbora auziari konponbidea topatzeko: "Urriaren 1aren aurretik ere, Espainiako Gobernuak eta PPk adierazpena egin lezakete elkarrizketa politikoa behar duen afera baten aurrean daudela onartzeko eta konponbide politiko bat emateko".
Era berean, "kezkatuta" azaldu da Kataluniako Parlamentuak erreferendum eta trantsizio legeak onartzeko erabilitako prozedurak ikusita. "Estatut-a baliogabe utzi dute, baita orain arte eraiki den esparru juridiko, politiko eta instituzionala ere".
"Bermerik ez"
Lehendakariaren ustez, urriaren 1ekoak "ez du beharrezko bermerik". Horren esanetan, Kataluniako ordezkari politiko batzuek ez dute hauteslekuak edota boto-kutxak jartzen lagunduko, eta horrek, Urkulluren aburuz, argi uzten du "emaitza aldetik urriaren 1ak zein balio urria duen". Dena dela, "Kataluniako herriaren zati garrantzitsu baten sentimendua" aitortu behar dela nabarmendu du.
Espainiako Gobernuarekin harremana
Kataluniako auziak Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana gaiztotu ote dezakeen galdetuta, alderdiek (EAJ-PP) eta bi gobernuek dituzten hartu-emanak "bereizi" behar direla azpimarratu du lehendakariak.
"Gu ordezkari instituzionalak gara, eta Espainiako Gobernuarekin dugun harremanari eutsiko diogu, beste gobernu batzuekin egiten dugun moduan". Nolanahi ere, EAJk esandakoak ulertzen dituela adierazi du.
Otegiren erantzuna
Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak lehendakariak egindako adierazpenei erantzun die ETBn egin dioten elkarrizketa batean. "Erreferendumak bermerik ez duela? PPk dio hori", adieazi du.