Politika -

Carles Puigdemont

'Inork uste al du alkateen % 75 atxilotuta arazoa konponduko duela?'

Generalitateko presidentearen aburuz, erreferendumaren webgunea ixtea bat dator "XIX. mendeko metodoak" erabiltzen dituztenekin.

Puigdemont: 'Astakeria da alkateak deklaratzera deitzea'

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen iritzian, "astakeria da" Estatuko Fiskaltza Nagusiak erreferendumaren alde azaldu diren alkateak deklaratzera deitzea agindu izana.

"Mendebaldean, inork uste al du alkateen % 75 atxilotuta arazoa konponduko duela?", galdetu du TV3n egin dioten elkarrizketa batean, eta alkateek epaitegietara joateko azaldutako borondatea txalotu du; izan ere, Puigdemonten hitzetan, "ez dute deliturik egin".

Oztopoak oztopo, urriaren 1ean autodeterminazio erreferenduma egin egingo dela berretsi du Kataluniako presidenteak. "Bozkatuko dugu, noski. Alkateen laguntza eduki ezin badugu, ez dago arazorik. Konponduko gara", nabarmendu du.

Erreferendumaren webgunea ixteko erabakiaz galdetuta, Puigdemonten esan du "XIX. mendeko metodoak" erabiltzen dituztenek jokatzen dutela horrela, eta halakoak Txinan gertatzen direla azpimarratu du. Sarean itxi duten webgunearen ordez beste bat jarri izanaren ardura bere gain hartu du Generalitateko presidenteak.

"Mundu digitalak ez du mugarik. Webgune bat bota dezakete, baina, hori gerta litekeela aurreikusita bazegoen, beste bat jarriko duzu martxan", azaldu du.

Bera gaitasungabetzeko aukerari buruz galdetuta, ez dela horren beldur erantzun du Puigdemontek. Horren esanetan, ez dago urriaren 1eko erreferenduma geldiaraziko duen auzitegirik: "Auzitegi Konstituzionalak ez dio jada erreferendumaren antolaketari eragiten. Egin dezatela nahi dutena, baina bozkatu egingo dugu".

Erreferendumaren boto-paperen bila, Guardia Zibilak El Vallenc aldizkaria miatu izana ere hartu du hizpide Kataluniako presidenteak, eta hitz-jokoa egin du: "Boto-paperen bila, onetik atera dira".

Gertatutakoak gertatuta, "lasai eta seguru" dagoela gaineratu du Puigdemontek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Eguneko albisteak Pere Aragonès Auzitegi Konstituzionala