Politika -
Mobilizazioa
Milaka pertsonak Kataluniako erreferenduma babestu dute Donostian
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak jeltzaleen jarrera kritikatu du. "Kataluniako errepublika hurbildu ahala, euskal errepublika ere gertuago izango dugu", azpimarratu du Iriartek.
eitb.eus
Milaka pertsona izan dira larunbat arratsalde honetan Donostian, EH Bilduk Kataluniako prozesu subiranista eta urriaren 1erako deitutako erreferenduma babesteko antolatutako manifestazioan.
"Herri oso bat martxan. Kataluniarekin eta demokraziarekin" lelopean, ibilaldia Artzai Onaren plazatik abiatu dute 17:00etan, Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoikada baino bi ordu lehenago. Bertan, ezker abertzaleko hainbat ordezkari izan dira: Arnaldo Otegi koordinatzailea, Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramailea, Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea legebiltzarrean edota Amaia Almirall EH Bilduren bozeramailea Donostiako Udalean.
EH Bilduk zabaldutako datuen arabera, 3.000 bat pertsona elkartu dira "Kataluniako herriari elkartasuna eta babesa adierazi" eta "euskal herritarren burujabetza aldarrikatzeko". Bertan Albert Bortran eta Mireia Boya CUPeko parlamentariak izan dira. Independentziaren aldeko oihuak entzun dira, eta ibilbidea egin duten herritar askok ikurrinak eta Kataluniako banderak eraman dituzte.
Manifestazioa hasi aurretik, Mireia Boya CUPeko diputatuak jasotako elkartasuna eskertu du eta bertaratu diren pertsona guztiei ere eskerrak eman nahi izan dizkie. Ildo horretatik, urriaren 1ean Katalunian etorkizunari buruzko galdeketa egingo dutela ziurtatu du.
"Irabaztea garrantzitsua da, baina edozein emaitza lortuta ere hori defendatu beharra dago. Beste herri batzuen babesa eta indarra dugu horretarako, batik bat gaur hemen dauden euskaldunena, eta urriaren 2tik aurrera ere ziur asko hor egongo direnenak", esan du Boyak.
Ildo horretatik, etorkizunera begira "euskaldunak (independentziari buruzko galdeketa egiteko) prest daudenean" Kataluniak ere elkartasuna adieraziko duela nabarmendu du CUPeko diputatuak, "galdeketa egin eta 78ko hamarkadako erregimenarekin amaitzeko behingoz".
Kritikak EAJri
Beste alde batetik, ekitaldia amaitu aurretik Maddalen Iriartek (EH Bilduren bozeramailea legebiltzarrean) hartu du hitza, Gipuzkoako hiriburuko Zuloaga plazan. Kataluniako herritarrei aipamen eginez, "zuen borroka gure borroka" dela azpimarratu du Iriartek.
Ildo horretatik, norbaitek Euskal Herria Kataluniara mespretxuz begira dagoela esaten badu iruzur egiten utz ez diezaieten eskatu die herritarrei. Halaber, Euskadik negoziatzen badakiela diotenen aurrean, pixkanaka bada ere "inora ez garamatzan tren batera" hurbiltzen ari garela ohartarazi du.
"Gipuzkoako erraustegiarekin hiritarren osasuna arriskuan jarri eta ingurua hipotekatzeko bidean goaz", kritikatu du Iriartek. Halaber, milaka umek haien senideak 40 minutuz ikusi ahal izateko astebururo milaka kilometro egin behar dituzten bitartean, Montorok gehiegizko gastua ezartzen duela kritikatu du, EAJri aipamen eginez.
Era berean, norbaitek Alderdi Popularrari babesa ematen badio PPren Gobernuak hartzen dituen erabakiei ere babesa ematen diola ohartarazi du. Hala, aurrekontuak babestuz gero horien edukia ere babesten dela azpimarratu du, eta, ondorioz, Kataluniaren zein Euskal Herriaren etorkizunari buruzko askatasunen eta eskubideen kontrako neurriak ere barne hartzen direla kritikatu du.