Politika -

Parlamentuko araudi aldaketa

Kataluniak helegitea aurkeztu du araudi aldaketa baliogabetzearen aurka

Generalitateak argudiatu duenez, Espainiako Gobernuak 'zuzenbide abusua' egin zuen Parlamentuaren araudi aldaketa Konstituzionalera eramanda.

Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Generalitateak erregu errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, Kataluniako Parlamentuko araudi aldaketa baliogabetzeko auzitegi horrek berak hartutako kautelazko erabakiaren aurka. Kataluniako Gobernuaren esanetan, Espainiako Gobernuak "zuzenbide abusua" egin zuen Parlamentuaren araudi aldaketa Konstituzionalera eramanda.

Kataluniako Gobernuko abokatuek aurkeztutako idatzian azaldu dutenez, Espainiako Gobernuak inpugnatu duen prozedura egon badago beste autonomia erkidego batzuetako Parlamentuetan eta Espainiako Diputatuen Kongresuan. Hori dela eta, Generalitatearen ustez, erreformaren etorkizuneko balizko helburuarengatik inpugnatu du, Erreferendumaren Legea lehenbailehen onartzea galarazteko, alegia.

Abokatuen esanetan, "neurrigabea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa da" Parlamentu bateko araudiaren kontra Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzea. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegitea tramitera ez onartzea eskatu dio Konstituzionalari.

Erregu errekurtsoak aurrera egingo ez balu, abokatuek dagoeneko iragarri dute alegazioak aurkeztuko dituztela araudiaren "konstituzionaltasuna" defendatzeko, helegitea bertan behera uzteko eta baliogabetzea altxatzeko.

Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurak bertan behera utzi zuen astelehenean urriaren 1eko erreferenduma prozesu azkar baten bidez onartzeko asmoz Kataluniako Parlamentuak egindako arau aldaketa. Epaileek aho batez onartu zuten aipatu aldaketan jasotzen den 135.2 artikuluaren aurka Espainiako Gobernuak aurkeztutako helegitea izapidetzea. Erabaki horrek araudia automatikoki baliogabetzea dakar, auziaren nondik norakoak aztertzen dituzten bitartean. Bost hilabeteko epea dute hori egiteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniaren independentzia Gaurko azken ordukoa Pere Aragonès bideoak Auzitegi Konstituzionala