Politika -

Katalunia

Guardia Zibila Generalitatera eta Kataluniako Parlamentura joan da

CDCren ustezko finantzazio irregularrarekin lotura omen duen Germa Gordo Justizia kontseilari ohiaren inguruko informazioaren bila joan dira, eta horren ekitaldi agenda ofiziala eskuratu dute.

Kalez jantzitako guardia zibilak Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Kalez jantzitako guardia zibilak Kataluniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Guardia Zibilak Kataluniako Parlamentua eta Generalitatea miatu ditu

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibila Generalitatearen Jauregira eta Kataluniako Parlamentura joan da gaur goizean. Antza, CDC alderdiaren ustezko finantzazio irregularrarekin lotutako informazioa biltzeko asmoz bertaratu dira, eta horren ekitaldi ofizialen agendarekin joan dira arratsaldean.

Kataluniako Gobernuak eraikinean sartzea galarazi die guardia zibilei, eskatutako dokumentazioa emango diela agindu badie ere. Hortaz, agenteak Generalitatearen atarian geratu dira zain.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusia Germa Gordo Justizia kontseilari ohia ikertzen ari da, aipatu kasuarekin zerikusia duelakoan.

EFE berri-agentziak ikerketaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, Justizia Departamentuan eta Kataluniako Telekomunikazio eta Informazio Teknologiaren Zentrora ere joan dira guardia zibilak.

Gordok datorren astelehenean deklaratu behar du epaitegian, % 3aren auzia argitzeko kasuaren baitan. Kontratuak lortzeko, enpresariek CDCri dirua ordaintzen ziotela eta Gordok bitartekari lanak egiten zituela uste dute.

Kataluniako Auzitegi Nagusiak influentzia-trafikoa, prebarikazioa eta dirua bidegabe erabiltzea leporatzen dio. Ikerketa El Vendrelleko (Tarragona) epaile batek abiarazi zuen. Forupekoak ez diren CDCko hainbat kide daude ikerketapean.

Bestalde, Mariano Rajoy Lleidan izan da gaur goizean, inaugurazio ekitaldi batean. Guardia Zibila Kataluniako erakundeetan sartu dela eta, galderak egin dizkiote kazetariek, baina ez du inolako adierazpenik egin nahi izan.

Espainiako Gobernuko presidenteak esan du erabaki judizial baten ondotik jardun duela Guardia Zibilak, eta erantsi du berak ez duela horrelako erabakien inguruko iritzirik ematen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Ustelkeria politikoa azken albisteak Albisteak Gaur Albisteak Kataluniako Generalitatea