Politika -
Katalunia
Erreferendumerako diru partidak baliogabetu ditu Auzitegi Konstituzionalak
Kontsulta independentista egiteko diru publikoa erabiltzea Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du auzitegiak.
AGENTZIAk | ERREDAKZIOA
Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Aurrekontu Legearen 40. xedapena baliogabetu du, aho batez, eta ebatzi du Konstituzioaren aurkakoa dela diru publikoa bideratzea erreferendum independentista egiteko.
Hain zuzen ere, erreferendumaren antolakuntzari buruzkoa da 40. xedapena.
Erabaki honekin, Konstituzionalak onartu egin du Espainiako Gobernuak apirilaren 4an Kataluniako Aurrekontuen aurka jarritako helegitea. Idatzi horrekin, Mariano Rajoyren Exekutiboak 40. xedapenaren eta hainbat diru sailaren aurka egin zuen, erreferendumari buruzkoak denak.
Auzitegiaren epaiak ezarri du Aurrekontuen hainbat atal Konstituzioaren aurkakoak izan litezkeela horien bidez erreferendumari dirua bideratzen badiote.
40. xedapenak zera ezartzen du hitzez hitz: "Generalitateak bermatu egin behar du beharrezkoa den dirua Kataluniako etorkizun politikoari buruzko erreferendum prozesuari aurre egiteko".
Konstituzionalak azaldu duenez, Kataluniako Aurrekontu Legeak ez du dirurik zehazten erreferendumarentzat, eta hainbat ataletan jasotako aipamenak "orokorrak" dira. Nolanahi ere, Aurrekontu Legea interpretatuta, Kataluniako Parlamentuak erreferenduma diruz hornitu behar dela ulertzen dela ebatzi du auzitegiak.
Horren ildotik, "legegilearen koherentzia" dela eta, Ganberak erreferenduma antolatzeko gastuak onartuko dituela nabarmendu du Konstituzionalak.