Politika -
KATALUNIAKO PROZESUA
Puigdemonten planak 'diktadura okerrenen zantzuak' dituela uste du Rajoyk
'Ahalegin independentisten' aurrean 'demokrazia eta Zuzenbide Estatua' gailenduko direla berretsi zuen Espainiako presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak "diktadura okerrenekin" alderatu du Kataluniako Gobernuaren independentziarako proposamena.
Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuaren buruak burujabetzaren aldeko prozesuaren inguruan hitzaldia eskaini zuen asteartean Madrilen, eta Espainiari erreferenduma adosteko proposamena egin zion berriro; galdeketaren baldintzak, data eta galdera adosteko prest agertu zen presidente kataluniarra, baina Rajoyren erantzuna berehala etorri zen. "Ez dugu xantaiarik onartuko", esan zuen Rajoyk atzo bertan Senatuan.
"Ahalegin independentisten aurrean, demokrazia eta Zuzenbide Estatua gailenduko dira", Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan.
Kataluniako prozesua "bideratzeko" modu bakarra eztabaida Kongresura eramatea dela esan zuen Gobernuak. Puigdemontek gonbita onartuz gero, gaiaren inguruan "gustura" eztabaidatuko lukeela esan zuen Espainiako presidenteak, betiere, Kongresuaren gehiengoaren iritzia onartzeko prest balego.
Puigdemontek Madrilen eskaini zuen hitzaldian bertan erantzun zion Rajoyri. Espainiako Gobernuak negoziaziorako duen "borondate politikorik eza" ezkutatzeko "simulakroa" da Kongresura joateko gonbidapena, Generalitateko presidentearen aburuz.
"Erreferenduma egingo da. Estatuak ez dauka hori eragozteko botererik", esan zuen Puigdemontek.