Politika -

legebiltzarrak onartu zuen

Espainiako Gobernuak Poliziaren biktimen euskal legea errekurrituko du

Legea iaz onartu zuen Legebiltzarrak, ordura arte aitortuta ez zeuden biktimei kalte-ordainak emateko.

Eusko Legebiltzarrak iaz onartu zuen legea. EiTB
Eusko Legebiltzarrak iaz onartu zuen legea. EiTB
Eusko Legebiltzarrak iaz onartu zuen legea. EiTB

AGENTZIAk

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Poliziaren biktimen euskal legea errekurrituko duela iragarri du ostiral honetan Ministroen Kontseilak. Eusko Legebiltzarrak 2016ko uztailaren 28an onartu zuen aitortuta ez zeuden biktimei kalte-ordainak emateko legea.

1978 eta 1999 artean EAEn poliziaren gehiegikeriek utzitako biktimen konponketarako eta aitortzarako legea EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuen Legebiltzarrak. EH Bildurentzat, ordea, ez zen nahikoa eta abstenitu egin zen. PPk eta UPyDk, berriz, kontrako botoa eman zuten, “juridikoki segurtasunik ez” zuela iritzita, eta etorkizunean atzera botako zutelakoan.

Poliziaren biktimen euskal legea iaz onartu zuen Legebiltzarrak, eta 2012an Eusko Jaurlaritzak abiatutako bidea jarraitzea zuen helburu; giza eskubideen urraketa larriak pairatu zituztenen aitortza eta konponketa bilatuz. Hala, oraindik aitortuta ez zeuden biktimei kalte-ordainak ematea onartu zuen Legebiltzarrak.

Bizikidetzari begira, “eman beharreko urratsa” zela azpimarratu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak.

“Etsipen handia” agertu du Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak “etsipen handia” agertu du Espainiako Gobernuak EAEn poliziaren gehiegikeriak utzitako biktimen konponketarako eta aitortzarako legea errekurrituko duela ezagutu ostean. Jaurlaritzaren esanetan, giza eskubideak urratu zaizkien biktimei dagozkien erantzuna emateko duen betebeharrari ez dio jaramonik egin Rajoyren Gobernuak.

Era berean, errekurtso horrekin nazioarteko zuzenbidearen eta biktimen eskubideen kontra egiten duela nabarmendu du ohar batean Urkulluren Gobernuak.

Gauzak horrela, Poliziaren biktimen euskal legea babesteko eta aitortuta ez zeuden biktimei merezi duten kalte-ordaina emateko lanean jarraituko duela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra Espainiako Gobernua albisteak Eguneko albisteak