Politika -
Espetxe politika
Bi hileko bizi itxaropena izan arte Espainiak ez du preso gaixorik askatuko
Hala jakinarazi dio Espainiako Gobernuak Jon Iñarritu EH Bilduko senatariari, hark egindako galdera bati erantzunez.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren aburuz, larriki gaixo dauden presoak espetxetik ateratzeko "presoaren heriotza gertatzeko arrazoizko ziurtasuna bi hilabete baino gutxiagokoa" izan behar da.
Hala jasotzen da Gobernu espainiarrak Jon Iñarritu EH Bilduko senatariari, hark egindako galdera baten harira, idatziz bidali dion erantzun batean.
Izan ere, Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzak otsailean emandako jarraibide bati buruz galde egin zuen Iñarrituk. Jarraibide horren arabera, gaixo dauden presoak bakarrik atera daitezke espetxetik "haien heriotza, arrazoizko ziurtasunaz, oso epe motzean gertatuko dela aurreikusten denean, edota hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna izateko baldintzak betetzen dituztenean".
Horren aurrean, agindu horren gainean argibideak eman zitzala eskatu zion Gobernuari Iñarrituk, eta hark aste honetan bertan erantzun dio. Bertan jasotzen denez, jarraibidearen xedea Zigor Kodearen araudi berrira egokitzea da. Araudi horretan esaten denaren arabera, "mediku txosten batean oinarritutako epaile baten erabakia behar da beren bizi itxaropenerako arrisku nabaria eragiten duten gaixotasunak dituzten presoak espetxetik berehala ateratzeko".
Horrenbestez, Kodera egokitzeko xedearekin, Rajoyk zuzentzen duen Exekutiboak honako hauxe ezarri du: "Presoen bizi itxaropenerako arrisku nabaria eragiten duten gaixotasunen kasuetan (edota presoa oso adindua den kasuetan) nahikoa litzateke dagokion mediku txostena eta arriskugarritasun ezaren balioespena aurkeztea", epailearen baimenarekin batera.
Jarraian, bizi itxaropenerako arrisku nabaritzat zer hartzen den zehazten du gutunak: "Adierazi behar da bizi itxaropenerako arrisku nabaritzat hartzen dela presoaren heriotza gertatzeko arrazoizko ziurtasuna bi hilabete baino gutxiagokoa denean".
Gobernuak bere erantzunean gogora dakarrenez, "preso bakoitzaren egoera, momentu oro, banaka aztertzen da". Gaixoei aplikatzen zaizkien irizpideak mediku ziurtagirietan oinarritzen direla eta "inolaz ere irizpide subjektiboetan", eransten du gutunean.
Erantzuna jaso ondoren, EH Bilduko senatariak Twitterren argitaratu du gutunaren kopia, eta irizpide horiekin bat ez datorrela eman du aditzera. "Sadismoa?", "Mendekua?, galdetu dio bere buruari Iñarrituk.