Politika -
Presoak
Ibon Iparragirre presoa bisitatzeko baimena ukatu diote Legebiltzarrari
Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak bisita egiteko eskaria egin zuen. Espetxe Zuzendaritzak, aitzitik, eskaera presoak egin behar duela arrazoitu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espetxe Zuzendaritzak ez dio Ibon Iparragirre larriki gaixo dagoen preso ondarrutarra bisitatzeko baimenik eman Eusko Legebiltzarrari. Giza Eskubideen Batzordeak egin zuen eskaera eta Espetxe Zuzendaritzak, aitzitik, eskaera presoak egin behar duela erantzun du.
Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Espetxe Zuzendaritzaren erabakiaren berri eman du. EH Bilduk aurkeztutako proposamenak PP ez beste alderdi politiko guztien babesa jaso zuen Giza Eskubideen Batzordean. PP ekimenaren kontra agertu zen eta bisitan ez zuela parte hartuko nabarmendu zuen.
Arzuagak gaur azaldu duenez, Espetxe Zuzendaritzak arrazoi "tekniko bat" argudiatu du baimena ukatzeko, izan ere, eskaera presoak berak egin behar duela adierazi du.
EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, emandako erantzuna "onartezina" da eta Ibon Iparragirrek bere aldetik eskaera egingo duela nabarmendu du.
"Ibonek laguntza beharko du eskaera hori bideratzeko, osasun egoera oso larrian dagoelako", azaldu du. Hori dela eta, bisita ahalik eta azkarren egingo denaren itxaropena agertu du. Halaber, presoa artatzen ari diren medikuek Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo dutela eta datuak emango dituztela adierazi du.