Politika -
Agiria
Presoak hurbiltzeko laguntza eskatu die EPPK-k Urkulluri eta Barkosi
'Berria' eta 'Gara' egunkariei bidalitako agiri batean diotenez, bi agintariek badute "ardura eta ahalmena" presoak Zaballako kartzelara ekartzeko.
EITB.EUS
Espainiar Estatuko kartzeletan sakabanatuta dauden presoak Zaballako espetxera (Iruña Oka, Araba) ekartzeko "euren esku dagoen guztia" egiteko eskatu die Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari eta Uxue Barkos Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariari.
Kolektibo horrek Gara eta Berria egunkariei astelehen arratsaldean bidalitako agiri batean dioenez, bada garaia "hurkoen sufrimenduari amaiera emateko eta Euskal Herrira bakea ekartzen laguntzeko urratsak emateko". Hori horrela, taldearen baitan dauden 343 presoak Euskal Herrira hurbiltzen laguntzeko eskatu die bi buruzagiei.
EPPKren iritzian, Urkulluk eta Barkosek "ardura ez ezik ahalmena ere badute" sakabanaketari amaiera emateko. Presoen kolektiboak uste du biek badutela non hartu eredu, eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentea aipatu dute adibide gisa. EPPK-k nabarmendu duenez, Etchegarayk, Ipar Euskal Herriko alderdi eta eragile gehienek bezala, "jarrera garbi, zintzo eta eraikitzailea" izan du.
Nazioarteko egiaztatzaileek ETA "erabat armagabetuta" dagoela berretsi eta 48 ordura kaleratu du agiria ETAko presoen kolektiboak.
Hain justu, armagabetzearen ondoren, aurrera begira jarraitu beharreko ildoa finkatuko duen barne eztabaida martxan duela gogorarazi du EPPK-k. Eztabaida horren ondorioak "udaren erdialderako" izango omen ditu kolektiboak, eta martxoaren 20an bukatuko da bertara ekarpenak egiteko epea. Egun horretan Espainiako eta Frantziako hiru espetxetara martxak egingo dituzte, sakabanaketa salatzeko. Uztailean, berriz, "presoen eta horien hurkoen eskubideen aldeko Askatasunaren Martxaren 40. urtemuga" ospatuko dute.