Politika -

Gure Esku dago

Gure Esku Dagoren galdeketen parte-hartzea % 28,25ekoa izan da

47.000 herritar baino gehiago egon dira bozkatzera deituta, eta 13.284 lagun bertaratu dira bere boza ematera.

Alkatea eta udal-taldeetako ordezkariak izan dira botoa ematen lehenak, Bermeon.
Alkatea eta udal-taldeetako ordezkariak izan dira botoa ematen lehenak, Bermeon.
Gorabeherarik gabe igaro da eguna Busturialdean eta Arrigorriagan

1:29

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago (GED) erabakitzeko eskubidearen aldeko herri plataformak herri-galdeketak egin ditu igande honetan Bizkaiko 18 udalerritan, joan zen martxoaren 19an beste 35 udalerritan (Gipuzkoako 34tan eta Bizkaiko batean) egin zuten legez.

Parte-hartze datuen arabera, herritarren % 28,25ek eman dute botoa egunaren amaieran galdeketa horietan Hartara, Busturialdean, herritarren % 32,07 bertaratu dira boza ematera eta Arrigorriagan, berriz, % 14,54.

Jasotako bozen arabera, boto-emaileen % 95,24k (12.652) baiezkoarekin erantzun diote galdetutakoari; % 2,82 (375), berriz, kontra agertu dira. Zurizko botoak 222 izan dira (% 2,82) eta baliogabeak 35 (% 0,26).

Busturialdeko 17 udalerritan (Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta) eta Arrigorriagan egin dira kontsultak.

09:00etan zabaldu dituzte boto-kutxak toki horietan guztietan, eta ordu horretan Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaileek eguneko lehen agerraldia egin dute Bermeon. «Azpimarratu nahi dugu Busturialdean eta Arrigorriagan jada irabazi dugula. Herritar denon aldeko urrats handi bat egin dugu. Erabakitzea demokrazia baita, demokrazia besterik ez. Dei egiten diegu 18 herrietan botoa emateko aukera duten eta 16 urte baino gehiago dituzten herritar guztiei parte hartzera. Erabakitzen hasi gara, eta erabakitzen jarraituko dugu», azpimarratu dute.

jose antonio ardanza gure esku dago

Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, botoa ematen

Erantzun beharreko galderak ez dira berdinak izango herri guztietan; hala, Arrigorriagan «Izan gura duzu euskal estatu independente bateko herritarra?» galderari erantzun beharko diote hautetsontzietara bertaratzen direnek.

Busturialdean galdera aldatu egiten da udalerriaren arabera:

Mendatan eta Errigoitin: «Nahi duzu Euskal Herri burujabe bateko herritar izan?».

Arratzun: «Euskal herritarra izanik, geure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde zagoz?».

Ajangiz, Busturia, Morga, Gernika-Lumo, Forua, Ereño, Muxika, Murueta, Gautegiz-Arteaga, Nabarniz, Kortzebi, Bermeo eta Ean: «Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?».

Guztira, 16 urtetik gorako eta bozkatzeko moduan izan diren 47.029 herritar zenbatu dituzte. Bozketa egiteko 37 hautesleku ireki dituzte, 45 mahairekin, eta 09:00etatik 20:00etara egon dira irekita

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Politika albisteak Bizkaiko albisteak Gure Esku Gernika-Lumo albisteak Arrigorriaga albisteak Eguneko albisteak