Politika -

Nafarroa

Iruñeko istiluen auzia terrorismo gisa ikertuko du Auzitegi Nazionalak

Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak kasua Auzitegi Nazionalaren esku uztea erabaki zuen, eta orain Carmen Lamela epaileak bere gain hartu du istiluen ikerketa.

Martxoaren 11n Iruñean izandako istiluak. Artxiboko argazkia: EFE
Iruñeko istiluetan terrorismo delitu zantzuak daudela esan du Lamelak

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak bere gain hartu du martxoaren 11n Iruñean izandako istiluen ikerketa, terrorismo delitua egon daitekeela iritzita. Epaitegiaren arabera, desordena publikoak, lesioak, kalteak, sutea eta atentatu delituak egon daitezke.

Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko epaileak kasua Auzitegi Nazionalaren esku uztea erabaki zuen. Are gehiago, Iruñeko istiluekin lotuta atxilotutako hiru lagun fidantzarik gabe behin-behinean espetxera bidali zituen, terrorismo delitua eta desordena publikoak eragitea leporatuta. Laugarren atxilotua —adin txikikoa— aske utzi zuen.

Gobernu Ordezkaritzaren arabera, martxoaren 11ko istiluetan manifestariek "harriak, botilak eta beste objektu batzuk" bota zituzten, eta poliziek, berriz, "tiro-zaparradak eta pilotaren bat". Halaber, manifestariek zenbait denda eta saltokitan eta edukiontzitan kalteak eragin zituzten, eta baita kutxazain automatiko batean ere.

Autoan epaileak nabarmendu duenez, 'Errepresioari Autodefentsa' dinamikak antolatutako eta baimendu gabeko manifestazio batean gertatu ziren istiluak, "ordena Konstituzionala nahastea eta bakea publikoa hondatzea helburu".

Epailearen autoak jasotakoaren arabera, talde batek edukiontziak irauli eta barrikadak egin zituen, eta harriak eta botilak jaurti zizkien agenteei. Hori dela eta, hainbat polizia zauritu eta askotariko kalteak eragin zituzten.

Hori dela eta, terrorismo delitua egon daitekeela eta Zigor Kodeko 573. artikulua aplika daitekeela uste du Lamela epaileak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Berriak Politika Iruñea Nafarroa Eguneko albisteak