Politika -

Istiluak

Nafarroako Gobernuak 'erabateko gaitzespena' agertu du istiluengatik

Iruñeko Udalak ebazpena adostu du, ''istiluak gaitzetsi eta/edo errefusatzeko''. Lau lagun atxilotu zituzten Alde Zaharrean, eta bat aske geratu da.

Iruñean piztutako istiluen argazkia. Iturria: Navarra.com
Iruñean piztutako istiluen argazkia. Iturria: Navarra.com
Lau atxilotu eta kalte ugari Iruñean izandako istilu larrietan

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta alderdi politikoek ''kezka'' eta ''gaitzespena'' agertu zuten atzo Iruñeko Alde Zaharrean piztutako istiluengatik.

Izan ere, lau lagun atxilotu zituzten atzo arratsaldean Iruñean, "errepresioaren aurkako" martxa baten bitartean, manifestarien eta Polizia Nazionalaren arteko istiluen ostean. Atxilotuetako bat, adinez txikikoa, aske geratu zen. Atxilotuak epailearen aurrera eramango dituzte gaur, astelehena, desordenak, aginteari aurre egitea eta kalteak egotzita.

Nafarroako Gobernuak ''erabateko gaitzespena'' agertu eta ''zero tolerantzia'' agertu zuen ''Nafarroa, bere herriak eta bere hiriak indarkeriazko konfrontaziorako erabili nahi dituztenen aurrean''.

Ohar baren, ''bakearen, errespetuaren eta elkarbizitzaren kulturaren alde lan egiten jarraitzeko asmo irmoa'' adierazi zuen Gobernuak; horretarako, ''baliabide guztiak'' jarriko ditu Alde Zaharrean izandakoa berriz ere ez gertatzeko.

''Kaltetuak izan direnei elkartasuna eta babesa'' agertu zien Gobernuak, eta azpimarratu zuen indarkeriazko jarrerek ez dutela lekua gizarte demokratiko batean. Hala, ''beren ideiak defendatzeko indarkeria erabiltzeko legitimazioa duela uste duenik biltzen ez duen gizarte'' baten alde egitea aldarrikatu zuen.

Iruñeko Udala

Igande goizean, Iruñeko Udalak Bozeramaleen ez-ohiko bilera egin zuen eta ebazpena bat onartu zuten, aho batez, ''atzo manifestarien hainbat taldek eragindako istilu bortitz eta onartezinak erabat gaitzetsi eta/edo errefusatzeko''. Istilu horiek ''lekurik ez duten lehengo garaietara eramaten dute hiria'', ebazpenarena arabera.

Testuan elkartasuna adierazi zieten kalte materialak edo pertsonalak zuzenean edo zeharka jasan zituztenei, eta ''mota honetako indarkeriazko estrategiak'' salatu dituzte. ''Hiri honetako gehiengo sozialaren nahiaren kontra, elkarbizitza hautsi eta alarma piztu nahi dute'', adierazi zuten.

Horrez gain, Udalak konpromisoa agertu zuen ''elkarbizitza baketsu eta askea sustatzeko, gure gizartean gorrotoa sustatzen duten jarreren eta edozein motatako indarkeriazko jarreraren kontrakoa dena''.

Bileraren aurretik, Joseba Asiron Iruñeko alkateak ''kezka handia'' agertu zuen hirian piztutako istiluen ostean.

Máxima preocupación x los lamentables sucesos de hoy. Hemos comenzado a limpiar las zonas afectadas. Mi solidaridad con vecinos y hosteleros

? Joseba Asiron Saez (@josebaasiron) 11 de marzo de 2017

Ondoren, ohar baten bidez, alkateak esan zuen atzoko moduko istiluek ''aldaketaren proiektuaren porrota'' bilatzen dutela, eta 2015ean herritarrek hauteskundeetako plazaratutako ''desioak zapuzten'' dituztela.

''Erabat deitoratzen eta gaitzesten dut atzo Iruñean geratutakoa. Alde Zaharrean ikusitako irudiak iraganeko irudiak dira: nahi ez dugun eta berriz errepikatzea utzi behar ez dugun iragana'', azpimarratu zuen.

Alderdi politikoak

Ohar baten bidez, Geroa Baik ''bakearen eta elkarbizitzaren aldeko apustua'' egin zuen, eta azpimarratu zuen aldarrikapenak, legitimoak izanda ere, ezin direla bukatu ''Atzo Iruñeko Alde Zaharrean bizitako egoeretan''. Horri lotuta, egoera horiek ''oraindik egiteke dugun bidearen adierazgarri'' direla esan zuen.

EH Bilduk ere ''modu irmoan'' gaitzetsi zuen Iruñean gertatutakoa. ''Halako gertaerek gizartearen gehiengoak aukeratutako bidea oztopatzea dute helburu, alegia, bakea, elkarbizitza eta normalizazio politikoa. EH Bilduk argi eta garbi berresten du bere konpromisoa bide demokratiko eta erabat baketsuekiko, herri subirano bat lortzeko bidean. Beraz, helburu politikoetarako indarkeriaren erabilpena guztiz gaitzesten dugu'', adierazi zuten.

Javier Esparza UPNko presidenteak ere mezua utzi zuen Twiterren. ''Iruñeak ez du halakorik merezi, kale borrokako hain urteren ostean. Biolentoak soberan daude''.

PAMPLONA no se merece volver a vivir esto, años de kale borroka. Los violentos sobran en nuestra sociedad

? Javier Esparza (@JavierJesparza) 11 de marzo de 2017

PSNk, ohar baten bidez, deitoratu egin zuen ''oraindik indarkeria defendatzen eta erabiltzen duenik egotea'', eta hori ''inora ez doan bidea'' dela gaineratu du. Horrekin batera, ''elkarbizitza baketsua'' aldarrikatu zuen.

Podemos eta I-E alderdiak aldarrikapen politikorako indarkeria erabiltzearen kontra azaldu ziren.

Hala, Podemosek 'gaitzetsi' egin zuen gertatutakoa. ''Indarkeria ezin da inoiz izan jarrera politiko edo ideologiko bat defendatzeko jarrera', gaineratu dun alderdiak. Bestalde, Izquierda-Ezkerrak "gaitzetsi'' egin zituen ''kaputxadun talde batek eragindako istilu tamalgarriak'', eta azpimarratu zuen manifestaziorako ''eskubide legitimoa'' ezin dela ''mota honetako ekintzetan bukatu.

Sortuk, bestalde, adierazi zuen ez dagoela ados manifestazioa deitu dutenen ''analisiekin ezta estrategiekin ere''. Horrekin batera, atxilotutako lagunak aske uztea eskatu zuen eta ''Polizia Nazionala Euskal Herritik alde egitea'' eskatu.

Sorturen hitzetan, ''estrategia eraginkorra'' da ''sektore eraldatzaileen bultzadatik gehiengoak eraikitzen dituena''. Ildo horretan, ''dinamika antzuak'' kritikatu zituen, Sorturen hitzetan ''mugimendu independentista kriminalizatzeko'' erabiltzen direnak.

Merkatariak eta ostalariak

Iruñeko Alde Zaharreko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen elkarteak ere ohar bat kaleratu zuen eta bertan ''erabat gaitzetsi'' zituen gertatutakoa.

Halaber, bertako establezimendu batzuek ''mehatxuak eta erasoak'' jasan zituztela salatu zuten eta askoak itxi edo ''erdi-itxi'' behar izan zutela, ''beren segurtasunagatik eta bezeroen segurtasunagatik''.

Manifestazioa

Dirudienez, 'Errepresioari Autodefentsa' dinamikak deitutako martxak ez zuen baimenik. Manifestazioaren helburua zen "herri mugimenduko eragile ezberdinek jasandako eraso errepresiboak" salatzea, Lahaine webguneak jaso zuenez.

Martxa bitartean, istiluak izan ziren. Gobernuko Ordezkaritzaren arabera, manifestariek "harriak, botilak eta beste objektu batzuk" bota dituzte, eta poliziek, berriz, "tiro-zaparradak eta pilotakadaren bat".

Gainera, kalteak eragin zituzten kutxazain automatiko batean. Gobernuko Ordezkaritzako iturriek jakinarazi dutenez, lau atxilotuek "txanoa" zeramaten, eta Errenteriakoak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iruñea gaur Gaurko albisteak Nafarroan EH Bildu Iruñea Eguneko albisteak