Politika -

Madril

2015ean konfiskatutako dirua itzultzea eskatu dio Sarek ANari

104.000 euro dira guztira; sare herritarrak orain dela bi urteko manifestazioan bildu zuen. Auzitegi Nazionalaren asmoa Sareren lana oztopatzea dela kritikatu dute.

Azkarraga, ANaren egoitzaren aurrean. Argazkia: Sare
Azkarraga, ANaren egoitzaren aurrean. Argazkia: Sare
Azkarraga, ANaren egoitzaren aurrean. Argazkia: Sare

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Azkarraga Sare herritar sarearen bozeramalea Auzitegi Nazionalean izan zen atzo, osteguna, 2015eko urtarrilaren 14an LAB sindikatuaren Bilboko egoitzan konfiskatutako 104.000 euro itzultzea eskatzeko. Dirua urte horretan, urtarrilean, presoen eskubideen alde Bilbon egindako manifestazioan bildu zuten.

Auzitegi Nazionalaren egoitzaren atarian egindako adierazpenetan, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarraren bozeramaleak kritikatu egin du "modu bidezkoan bildutako" dirua konfiskatu izana, LABen egoitzan egindako operazioan. Egun horretan, gainera, 12 abokatu atxilotu zituzten. Hori guztia, Azkarragaren esanetan, "edonolako logika demokratikotik kanpo" dago.

Azkarragaren iritzian, Guardia Zibilak dirua kentzea, eta Auzitegi Nazionalak itzultzea ez erabakitzea, "Sareren lana oztopatzeko" asmoarekin egin dute eta egiten ari direla, "ekonomikoki itotzeko" helburuarekin.

"Badakigu Sareren lanak geroz eta gehiago gogaitzen duela, pertsona oso bestelakoak garelako, baina bat egiteko gauza gara, espetxe politika ezberdina aldarrikatzeko, mendeku politika aplikatu beharrean", esan du.

Azkarragak EAJren, EH Bilduren, ERCren eta PDeCATen senatari eta diputatuekin batera egin du agerraldia, baita LABeko ordezkariekin ere.

Joseba Agirretxea EAJren diputatuak esan du "jatorri politikoa duten gauza gehiegi" ari direla epaitzen, eta dirua konfiskatzea "bidegabea" dela nabarmendu du.

Jon Iñarritu EH Bilduren diputatuaren ustean, "Estatuaren lapurreta" izan da eta "elkarteari lapurtutako ditu guztia itzultzea" eskatu du, baita "salbuespen neurriak eteteko eta normalizaziorantz pausoak" ematea ere, euskal presoen egoerari dagokionean.

Gainera, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko ordezkariak, gainera, esan duenez, atzemandako diruaren atzean "bide baketsuen alde egiten duten milaka langile daude, eta ez da onargarria Estatuak ekarpen hori lapurtzea inolako azalpenik eman gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala PNV-EAJ LAB Presoak argazkiak EH Bildu Nafarroa Gaurko azken orduko albistea Madril