Politika -
AUTOA
Majarenas 24 orduz alabarekin egon ahalko da ospitalean
Alabari senda agiria eman bitartean egon ahal izango da presoa ospitalean, egun osoz. Castro epaileak gaur kaleratutako autoan adierazi duenez, 'gizatasun printzipioari' erantzuten dio erabakiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sara Majarenas euskal presoa 24 orduz egon ahalko da alabarekin La Fe Ospitalean (Valentzian), umeak senda agiria jaso arte. Urtarrilaren 12tik dago hiru urteko umea erietxean, aitak labankadaz zauritu ondoren. Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak hartu du erabakia.
"Haurrak senda agiria jaso arte, amak alabarekin 24 orduz egoteko aukera izango du", jaso du magistratuak autoan. Joan den astean, epaile horrek berak alabarekin denbora gehiago egoteko baimena eman zion presoari.
Gaur hartutako erabakiak "gizatasun printzipioari" erantzuten diola esan du epaileak autoan. Alabaren interesa lehenetsita, ama alabarekin ahalik eta denbora gehien egotea ahalbidetzen du printzipio horrek, idatzian zehazten denez.
Jasandako erasoaren ondoren, "umearen egoera zaurgarria" gogora ekarri du epaileak, eta hori "gaixotasun batetik harago" doala esan du. Fiskaltzaren onespena jaso du Castroren erabakiak.
Iturri judizialek jakitera eman dutenez, La Fez ospitaleak ez du presoak hartzeko unitaterik, baina Majarenasen egonaldia "egokia" izateko beharrezko azpiegiturak jarriko dituzte, dagokion "zaintzarekin".