Politika -
ETAren armagabetzea
Jaurlaritzak 'behin betiko armagabetzea egiaztatzea' babestu du berriz
2014an aurkeztutako armagabetzearen proposamena gogorarazi du, “teknikoki bideragarria zen, eta hala jarraitzen du izaten, borondatea egonez gero”.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2014ko abenduan aurkeztutako ETA armagabetzeko proposamena gogorarazi du, “teknikoki bideragarria zen, eta hala jarraitzen du izaten, borondatea egonez gero”. Beraz, “behin betiko eta baldintzarik gabeko armagabetzea egiaztatzeari” babesa erakutsi dio berriro.
Ohar batean, Luhuson gauzatutako operazioaz hitz egin du Jaularitzak. Nabarmendu duenez, atxiloketei buruzko informazioak “ETA aldebakarreko armagabetze prozesuan sartuta dagoela aditzera ematen du, eta, haren kasuan, armategia neutralizatzean, erabilezin bihurtzean eta suntsitzean”. “Gainera, badirudi erakundetik kanpoko jendearen partaidetzarekin dela”, gaineratu du.
“Egiaztagarria eta behin betikoa”
Bestalde, armagabetze eraginkorrera eta behin betikora zuzenduta dagoen aldebakarreko eta baldintzarik gabeko “edozein pauso” mesedegarritzat jo du. Halere, “armagabetze prozesua, ETAren amaiera ordenatuan, egiaztagarria eta behin betikoa” izateko beharra azpimarratu du.
Zentzu horretan, armagabetze prozesuak “duela bi urte, Eusko Jaurlaritzak 2014ko abenduaren 21ean aurkeztutako proposamenaren eskema eta filosofia izango lituzkeela” adierazi du.
“Agerian uzten da proposamen hura teknikoki bideragarria zela, eta hala izaten jarraitzen duela, eta ustezko bideraezintasuna argudiatu zenean soilik errefusapena justifikatzen zuen aitzakia baten aurrean ginela. Berriro ere denbora asko galdu da”, deitoratu du.