Politika -
Ustelkeria Osakidetzan
11 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte 'Marguello auzian'
Jose Carlos Marguello Gurutzetako Ospitaleko Kalitate zuzendari ohiari lotutako enpresei Osakidetzaren kontratuak eman izana egotzi die Fiskaltzak Eusko Jaurlaritzako bi goi-kargu ohiri.
Agentziak | Erredakzioa
Fiskaltzak 11 urteko kartzela-zigorra eskatu du 'Marguello auzi'ko hiru akusaturentzat eta 6 urte eta bost hilabeteko espetxealdia laugarren auzipetuarentzat, Jose Carlos Marguello Gurutzetako Ospitaleko Kalitate zuzendari ohiari lotutako enpresei Osakidetzaren kontratuak modu irregularrean emanda mesede egin izana leporatuta.
Martxoan, ikerketa amaituta, Bilboko epaitegiko Fiskaltzak ondorioztatu zuen Marguello, haren bazkidea, Rafael Cerdan Eusko Jaurlaritzako sailburuordea eta Jose Ramon Elorriaga Osasun zuzendari ohia auzipetzeko arrazoiak bazeudela, 2006an Osakidetzak esleitutako zenbait kontratutan irregulartasunak antzeman zituelako. Garai horretan Juan Jose Ibarretxe zen lehendakaria.
Fiskaltzak abenduaren 7an aurkeztutako txostenean, lau auzipetuei ondoko delituak leporatzen dizkie: prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, administrazio publikoari iruzurra egitea eta funtzionario publikoek debekatuta dituzten negoziazioetan eta jardueratan aritzea. Guztira, kontratazio irregular horietara 6,8 milioi euro bideratu zituzten.
Horrenbestez, Fiskaltzak ahozko epaiketa hastea eta 11 urte arteko kartzela-zigorrak ezartzea eskatu du. Era berean, aipatu 6,8 milioi euro horiek Eusko Jaurlaritzari itzul diezaiotela galdegingo du fiskalak.
Ikerketaren arabera, Eusko Jaurlaritzako bi goi-karguek legea urratu zuten Osakidetzaren kontratuak Marguelloren bi enpresari emanda, txosten teknikoek horrela ez egitea gomendatzen zutenean.
Enpresa horietan Marguelloren bazkidearena zen izen-mailegatzailea.
Gertakariak Osasun sailburua Gabriel Inclan zenean jazo ziren, EAJren agintaldian. Alabaina, irregulartasunak 2009an atera ziren argitara, Euskadiko Alderdi Sozialistak Eusko Jaurlaritza eskuratu zuenean.