Politika -
Euskobarometroa
EAEko herritarren % 59, independentziari buruzko galdeketaren alde
% 39k kontra bozkatuko lukete balizko erreferendum horretan, eta % 31k, alde.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiren independentziari buruzko kontsulta nahiko luketen galdetuta, alde agertu dira EAEko herritarren % 59, EHUk egindako azken Soziometroaren arabera. Balizko erreferendum horretan % 39k kontra bozkatuko lukete, eta % 31k, alde.
Emaitzok urriaren 3tik 27ra egindako 800 elkarrizketa dituzte oinarri, eta Francisco Llera EHUko irakasleak gaur aurkeztu ditu, Bilbon.
Estatu ereduari buruz itaunduta, gehiengo batek (% 67) egungo sistema edo estatu federal bat nahiko lukeela nabarmendu du. Konstituzioaren inguruko erreferendum bat eginez gero, berriz, % 37k "ez" bozkatuko lukete, eta % 27k, "bai".
EAEko herritarren kezka edo arazo garrantzitsuenak zeintzuk diren galdetuta, enplegua ageri da lehen postuan, baina urtarriletik 14 puntu galduta (% 56k aipatu du). Tarte handira, ezberdintasunak eta ongizatea (% 16) eta egoera politikoa (% 10) daude. Horrez gain, EAEko herritarren % 83k krisiaren eraginak sentitzen dituztela nabarmendu dute, azken inkesta honetan tasa aurreko galdeketatan baino apur bat beherago dagoen arren.
Euskadi, nazio gisa
Soziometroaren arabera, euskal gizartean abertzale eta ez-abertzaleen arteko "zatiketa kronikoa" dago. Euren burua lehenengotzat jotzen dute galdetutakoen % 46k, eta ez-abertzaletzat, % 50ek. Azken bederatzi hilabeteetan zazpi puntu igo dira abertzaleak, eta ez-abertzaleek lau puntu egin dute atzera.
Euskal eta espainiar identitateak bateragarriak direla uste dute bost euskaldunetatik hiruk. Horren baitan, bi sentimenduak orekatuta dituztela diotenak % 36 dira; % 22k euskalduntasun sentimendu gehiago dute, eta espainolistagoak direnak baino nabarmen gehiago dira (% 2).
Euren burua "muturreko espainolismoa" dute herritarren % 5ek; haatik, euskaldunen herenek baino apur bat gutxiagok (% 32) soilik euskaldun sentitzen direla adierazi dute.
Bestalde, Euskadi nazio gisa jotzea ondo joko lukeen gehiengoa beherantz doa. Orain dela 10 urte, EAEko herritarren % 55ek ondo zeritzoten definizio horri; gaur egun, % 47ra jaitsi da aukera hori babesten dutenen kopurua.
Abertzaleen gehiengo batek (% 76) egiten du horren alde, baina baita ez-abertzaleen laurden batek ere. Galdetutakoen % 35ek aukera hori baztertu dute.
Jaurlaritza, nota hobetuta
Iñigo Urkulluk buru duen gobernuaren kudeaketari buruz iritzi positiboa dute galdetutakoen % 49k. Azken bederatzi hilabeteetan, 15 puntu egin du gora iritzi positibo horrek. Eszeptikoak % 35 dira, eta iritzi negatiboa dutenenen kopurua % 12koa da. Hori horrela, Jaurlaritzak 5,8ko batez besteko nota (1etik 10erako puntuazioa) eskuratu du, urte hasieran jasotakoa apur bat igota.
Herritarrak politikarekiko "interes eza" atzeman dute ikerketaren egileek. Dena dela, lehen aldiz, bost buruzagik 5eko nota gainditzea lortu dute. Hauek dira, lortu duten puntuazioaren arabera ordenatuta: Miren Larrion (EH Bildu, 5,6), Iñigo Urkullu (EAJ, 5,5), Alberto Garzon (IU, 5,2), Nagua Alba (Podemos, 5,2) eta Andoni Ortuzar (EAJ, 5,1).
EAEko herritarren gehiengoak (% 63) ETA erabat gaitzesten duela nabarmendu du inkestan. Presoei dagokienez, damua agertzen duten eta armak uzteko borondatea azaltzen duten ETAko kideek gizarteratze onurak jasotzearen alde daude herritarren % 40. % 29k zigorrak osorik bete behar direla uste dute (azken bederatzi hilabeteetan 10 puntu igo da iritzi hau).