Politika -

Konstituzioaren 38. urteurrena

Urkullu eta Barkos ez dira Konstituzio egunaren ospakizunetan izan

Konstituzioaren balizko erreforma izan dute hizpide agerraldia egin duten alderdi guztietako ordezkariek.

Konstituzioaren eguneko ospakizuna Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Konstituzioaren eguneko ospakizuna Diputatuen Kongresuan. Argazkia: EFE
Konstituzioaren aldaketarako zuhurtasuna eskatu du Mariano Rajoyk

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak ez dute Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 38. urteurrenaren harira Diputatuen Kongresuan antolatu dituen ospakizunetan parte hartu. Carles Puigdemont Kataluniako presidentea ere ez da bertan izan, ezta Podemos eta IU alderdietako idazkari nagusiak ere (Pablo Iglesias eta Alberto Garzon, hurrenez hurren) edota PNV, EH Bildu, ERC edota PDECAt alderdietako kideak.

Erkidegoetako presidente gehienek uko egin diote Madrilgo harrera joateari; bost besterik ez dira izan Madrilen: Cristina Cifuentes (Madril), Alberto Nuñez Feijoo (Galizia), Guillermo Fernandez Vara (Extremadura), Emiliano Garcia-Page (Gaztela-Mantxa) eta Javier Fernandez (Asturias).

Aitzitik, bertaratu direnen artean Mariano Rajoy Espainiako presidentea izan da, eta zuhur agertu da Konstituzioa aldatzeko aukeraren aurrean. Ez dela "arinkerietan" aritzeko unea ohartarazi du, ezta "ateraldietarako" ere.

Javier Fernandez PSOEko talde-kudeatzaileko buruak azaldu du bere alderdiak “adostasuna” bilatuko duela Konstituzioa aldatzeko asmoz Kongresuan azpibatzorde bat sortzeko proposamena aurkeztu aurretik.

Pablo Echenique Podemoseko organizazio idazkariak eguneraketaren alde daudela berretsi du. Egungo testua “abiapuntutzat” jo du, eta salatu egin du 1978ko Konstituzioari eusten diotenek hura egunero urratzen dutela.

Bere aldetik, Albert Riverak Kongresuan ordezkaritza duten beste alderdi politikoei “ausartak” eta “arduratsuak” izan daitezela eskatu die, Konstituzioa modernizatzeko beharrezkoa den adostasuna bilatzen hasteko, baina baztertu egin du eztabaida horretan “espainiar guztien arteko berdintasuna” mintzagai izatea.

Katalunian eta Euskadin hainbat udaletxe zabalik

Katalunian, gutxienez 300 udaletxetako alkate eta zinegotziak lan egitera joan dira astearte honetan, Konstituzioarekiko errefusa adierazteko asmoz.

PDECAT, ERC, CUP eta Demòcrates de Catalunya alderdietako hautetsiak dira euren lanpostuetara joan direnak Badalonako Udalean urriaren 12an izandako polemikaren ostean. Egun horretan Badalonako Udalak bere ateak ireki zituen Bartzelonako epaitegi batek debekatu arren. Epailearen autoa apurtu ostean, zenbait zinegotzi udaletxera sartu ziren hiritarrei zerbitzua eskaintzeko.

Euskadin ere zenbait udalek euren ateak zabaldu dituzte, besteak beste, Ondarroakoak eta Markinakoak Bizkaian eta Laudiokoak Araban. Izan ere, EH Bilduko kargu publiko gehienek ezer ospatu ez eta lanera joatea erabaki dute, gauza bera egin dute ELA, LAB eta STEEILAS sindikatuetako langileek ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Rajoy berriak Iñigo Urkullu biografia Uxue Barkos bideoak Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Pablo Iglesias politikari ohia EH Bildu Gaurko azken orduko albistea Podemos Pere Aragonès bideoak