Politika -
Elkarrizketa ETB-n
Urkullu: 'Agintaldi honetan nahi dut kontsulta legal eta hitzartua'
Bestalde, lehendakariak positibotzat jo du Espainiako Gobernua Legebiltzarrak onartutako legeen aurka jarritako helegiteak atzera botatzeko prest agertu izana, baina "ekintza zehatzak" eskatu ditu.
Gaizka Palacios | eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du bere nahia "kontsulta legala eta hitzartua" legegintzaldi honetan bertan egitea dela, EAJk eta PSE-EEk egindako gobernu akordioak erreferendumerako datarik zehazten ez badu ere.
Ildo horretan, Urkulluk ukatu egin du Alderdi Sozialistarekin egindako ituna erabakitzeko eskubidearen kontrako "galga" izango dela, eta gogoratu du jeltzaleek eta sozialistek "askatasuna" izango dutela Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean "nork bere printzipioak defendatzeko".
Nolanahi ere, lehendakariak berretsi egin du lehendabizi autogobernuari buruzko akordioa lortu behar dutela talde parlamentarioek eta ondoren aztertu egin beharko dela Estatuarekin "kontsulta legala hitzartzea" posible ote den ala ez.
"Nik kontsulta legegintzaldi honetan egitea nahi dut", erantsi du.
ETBk, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek Gernikako batzar-etxean egindako elkarrizketan, Espainiako Gobernuak azken urteotan Legebiltzarrean onartu diren hainbat legeren kontra jarritako helegiteak erretiratzeko agertu duen balizko prestasuna ere izan du hizpide Iñigo Urkulluk.
Lehendakariak positibotzat jo du Mariano Rajoyren Gobernuak jarrera aldatzeko borondatea agertu izana, baina "ekintza zehatzak" eskatu ditu.
"Espainiako Gobernuaren doinu berria ona da, baina gero hori ekintza zehatzetan bilakatzen den ikusi behar da", esan du.
Urkulluk gogora ekarri du 2015ean bataz beste "hilabeteko helegite bana" jarri zuela Espainiako Gobernuak.
Horrenbestez, Mariano Rajoyrekin "Estatuaren ereduaz, autogobernuaren errespetuaz eta orain arte aurkeztutako helegiteen inguruan" hitzegingo lukeela esan du.
Horrez gain, autogobernuaren eguneratzea eta Gernikako Estatuan agertzen diren baina oraindik transferitu gabe dauden 30 bat eskumenak Jaurlaritzaren esku uztea ezinbestekotzat jo du.
Bakea eta bizikidetza
ETAren armagabetzeari Estatuak jarritako blokeoari buruz galdetuta, lehendakariak esan du Eusko Jaularitzak plan bat aurkeztu zuela "indarkeriaren amaiera ordenatu baterako", behin betiko armagabetze egiaztagarri bat egiteko eta erakunde armatuaren desegiterako.
Plan hori Espainiako eta Frantziako gobernuei nahiz indar politiko guztiei igorri ziotela azaldu du, baita ETAri, zeharka bada ere.
"Bakea eta bizikidetza sendotzen laguntzeko konprometituta gaude. ETA denbora galtzen ari da", adierazi du.
Arnaldo Otegik herri honetan Ertzaintzak ere hil egin duela esan zuela eta, Urkulluk errefusatu egin ditu Sortuko idazkari nagusiak egindako adierazpenak.
"Ertzaintzak akatsak egin ahal izan ditu. Aztertu egin beharko litzateke akzioz hil zuen, erantzunez edo akats baten ondorioz. Ezin daiteke Ertzaintza hiltzea helburu zuen erakunde batekin alderatu", nabarmendu du.
Polizia autonomikoaren aurkako tortura salaketen harira, lehendakariak ondokoa azpimarratu du: “Ertzaintzak ez du inolako zigor judizialik jaso torturengatik”.
ELArekin hitz egiteko prest
Bestalde, Iñigo Urkulluk onartu du krisi ekonomikoa gainditu gabe dagoela, urratsak eman diren arren.
"Hazkuntzaren bidetik goaz, baina badakit gizarteak zailtasun handiak dituela", esan du. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren lehen helburua "enplegu gehiago eta hobea" sortzea dela erantsi du.
Elkarrizketa sozialari dagokionez, ELA sindikatuarekin hitz egiteko prest agertu da lehendakaria, baina eztabaida bat egon ahal izateko, "elkarrizketarako borondatea behar da eta ez inposaketa".
"Lehendakari naizen heinean, prest nago ordezkaritza guztiekin hitz egiteko, eta langileen ordezkarien kasuan, baita sindikatu nagusia den ELArekin ere", adierazi du.
Amaitzeko, lehendakariak EAJ-PSE Gobernuaren erronka nagusiak zeintzuk diren aipatu ditu:
1- Langabezia-tasa % 10etik behera jaistea
2- Pobrezia-tasa % 20n jaistea
3- Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak sendotzea
4- Autogobernua eguneratzea
5- Giza garapenaren indizean, Euskadi lehen hiru herrialdeen artean kokatzea