Politika -
Exekutibo berria
Eusko Jaurlaritza berriaren 11 sailburuak karguaz jabetu dira
Lehendakariak esker oneko hitzak izan ditu sailburu izateari utzi dioten hirurentzat, eta "garai berri" baten atarian, "talde lana beharrezkoa" izango dela azpimarratu du.
EiTB.EUS
Banan-banan, eta Iñigo Urkullu lehendakariak idatzitako izendatze-dekretua irakurri ostean, euren karguaz jabetu dira Eusko Jaurlaritza berriaren 11 sailburuak.
Ekitaldia 11:00etan hasi da, Ajuria Enea Jauregian. Gehienek euskara hutsean egin dute hitz ematea, esaldi hau erabilita: "Hartzen dudan agintea, Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera, zintzo eta leialki erabiliko dudala, hitz ematen dut". Sailburu sozialistek eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak gaztelerazko esaldia erantsi diote formulari.
Sailburuak ez ezik, Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak eta sailburu kargua utzi duten hiru lagunak ere izan dira hitzorduan. Ricardo Gatzagaetxeberria, Angel Toña eta Ana Oregi ez dira exekutibo berrian izango.
Lau erronka
Segidan, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza. Esker oneko berbak izan ditu Gatzagaetxeberria, Toña eta Oregi sailburu ohientzat, eta azken lau urteetan egindako lana txalotu du. "Izan zaretelako, gara", azpimarratu du. Lantalde berriari ongietorria eman dio.
Gobernu berriak dituen berehalako zereginen artean, lau aipatu ditu Urkulluk: aurrekontu proiektua landu eta zehaztea, gobernu akordioa definitu eta osatzea, Legebiltzarreko egutegia onartzea, eta enplegua sustatzeko eta ekonomia suspertzeko plan berria aurkeztea.
"Azken urte hauetan eskarmentu eta ibilbide bat partekatu dugu taldean lan eginez. Badakigu legealdi hau erabakigarria izango dela Euskadiren etorkizunarentzat, eta izenpetu dugun akordioaren oinarrien garrantzi eta pisua dira horren lekuko", adierazi du.
Ondoren, Ajuria Eneko fatxada aurrean familia argazkia egin du Jaurlaritza berriak.
Sei gizon eta bost emakume
EAJk eta PSE-EEk izenpetutako gobernu akordioaren baitan, sozialistek hiru sail dituzte. Iñaki Arriola historikoak Ingurumena, Lurralde Politika eta Etxebizitza arloak izango ditu bere gain. Alfredo Retortillo Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo sailburu berria izango da, eta Maria Jesus San Jose, berriz, Lana eta Justizia arloburua.
Bozeramaile ez ezik, Gobernantza Publikoa eta Autogobernu sailburu ere izango da Josu Erkoreka. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak izeneko Sailaren buru izango da. Beatriz Artolazabal Enplegua eta Gizarte Politikako sailburu izendatu du lehendakariak, eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburu.
Jon Darponek eta Cristina Uriartek euren ardurei eutsiko diete, hots, Osasun eta Hezkuntza sailburu, hurrenez hurren. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikaren buru izango da datozen lau urteetan, eta Estefania Beltran de Herediak Segurtasun sailburu izaten jarraituko du.
Guztira, sei gizonek eta bost emakumek osatzen dute Jaurlaritza berria.