Politika -
Erreakzioa
Eusko Jaurlaritza: 'Ekintza poliziala funtsezkoa da, baina ez nahikoa'
Iñigo Urkulluren jarduneko Exekutibak hori adierazi du Mikel Irastorza ETAren ustezko buruzagiaren atxiloketaren (Azkainen, Lapurdi) ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren aburuz, "ekintza poliziala beharrezkoa" izan da eta da ETAren aurka, baina ez da nahikoa izan talde armatua "erabat desegiteko". Aldi berean, bere kabuz bertan behera geratzea eskatu dio ETAri.
Iñigo Urkulluren jarduneko Exekutiboak hori adierazi du, gaur goizean Mikel Irastorza ETAren ustezko buruzagia Azkainen (Lapurdi) atxilotu ondoren. Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako operazioa izan da.
Ohar batean Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, ETAk "jakin behar du eta badaki Poliziaren ekintza geldiezina dela Europako zuzenbide-estatu batean". Orobat, ez du ulertzen talde armatua zergatik ari den arrazoirik gabe bere amaiera luzatzen. Horrenbestez, "ETAk euskal gizarteak espero dituen aldebakarreko urratsak eman beharko lituzkeela" esan du, "armagabetu eta erabat desegin dadin".
Era berean, gaineratu du ekintza polizialak ez direla nahikoak ETA behin-betiko amaitzeko eta "oso gomendagarria izango litzateke talde armatua bere kabuz desegitea", politika eta bizikidetza normalizatzeko.
"Indarkeria behin-betiko uztea erabaki duen erakundea izanik, bere kabuz desegitea da ekintza armatuak eta horien ondorioak ekiditeko modu eraginkorrena", nabarmendu du agirian.
Bestalde, Espainiako Gobernu berriak "arrazoiketa hori uler dezan espero du Eusko Jaurlaritzak"; horrez gain, "zentzua eta gutxieneko adimen politikoa eskatu ditu behin-betiko amaiera erdiesteko".
"Bukaera ordenarik gabe eta lauso eginez gero, ETAk ordezkatu duenak ez du amaiera-datarik izango: ez litzateke edonork eskura duen sigla bertan behera utziko, ez luke iraganari buruzko hausnarketa kritiko batean parte hartuko eta egoera zailagoa litzateke, baita ere, presoentzat eta iheslarientzat", gaineratu du Jaurlaritzak.
Azkenik, Urkulluren gobernuak gogoratu du 2014 abenduaren 21ean ETA baldintzarik gabe armagatzeko egindako proposamenak indarrean jarraitzen duela.