Politika -
Liskarra Altsasun
Hiltzeko mehatxua egin diote Altsasuko alkateari
Javier Ollok salatu du bere helbide elektronikoan ondoko mezua jaso duela: 'Putasemea, hil egingo zaitugu. Zure moduko zaborrik gabeko Europa baten alde'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Ollo Altsasuko alkateak salaketa jarri du Foruzaingoan, posta elektroniko bidez heriotza mehatxua egin diotelako.
Alkateak berak Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi duenez, ondoko mezua helarazi diote: 'Putasemea, hil egingo zaitugu. Zure moduko zaborrik gabeko Europa baten alde'.
Mehatxu horrek bere printzipioak “indartu” baino ez dituela egiten erantsi du.
Geroa Baiko iturriek azaldu dute Udalaren webgunearen bitartez egin dutela mehatxua, herritarrek galderak edo iradokizunak egiteko eskuragarri duten 'Alkateak erantzuten du' atala baliatuta.
Nafarroako alderdi politiko ezberdinek babesa agertu diote Altsasuko alkateari eta gertakaria gaitzetsi dute.