Politika -

Inbestidura saioa

EH Bildu: 'Gure bide propioa egitera bultzatzen gaitu Rajoyk'

Marian Beitialarrangoitiak eskua luzatu dio Rajoyri, bakegintzaz eta bizikidetzaz hitz egiteko: "Esan eguna, ordua eta lekua".

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren diputatua. Argazkia: EFE
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren diputatua. Argazkia: EFE
EH Bilduk ETAren armagabetzea ez oztopatzeko eskatu dio Rajoyri

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marian Beitilarrangoitia EH Bilduren diputatuak esan du Mariano Rajoyren Gobernuarekin “benetako aldaketa ezinezkoa” izango dela eta, ondorioz, katalanek eta euskal herritarrek euren “bide propioa” egitea beste irtenbiderik ez dutela azpimarratu du.

Datorren larunbatean Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izendatzea “albiste txarra” dela esan du. Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialista frankismoaren ondorengo garaiko oinarri nagusiak direla eta erabakitzeko eskubidearen aurrean 78ko erregimenaren alde egin dutela salatu du.

Horrenbestez, Beitialarrangoitiak esan du PPren eta PSOEren lehentasuna Espainiaren batasuna dela, pobreziaren, prekarietatearen edo eskubide urraketen gainetik.

EH Bilduk bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua egiten duela adierazi du eta Espainiako Gobernuaren jarrera deitoratu du, “mendekuan oinarritutako espetxe politika” indarrean mantentzen duelako eta ETAren armagabetzea gauzatzeko urratsik eman ez duelako.

Euskal Herriak akordio integralak behar dituela azaldu du, Europara begira egindakoak, eta ez Madrilera zuzendutakoak.

Gauzak horrela, “EH Bildu Kataluniako Errepublika eraiki nahi duten demokrata katalanen ondoan dago”, gaineratu du.

ETAri desegiteko eska diezaiola exijitu dio Rajoyk EH Bilduri

Beste alde batetik, Espainiako Kongresuko alderdi guztiekin bat egin dezan eta ETAri desegiteko eska diezaion eskatu dio Mariano Rajoyk EH Bilduri.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuari erantzunez, ezker abertzaleko kideek ere ETAri desegitea eskatu diezaioketela iradoki dio Rajoyk.

“Zergatik ez dugu eskatuko oraindik existitzen den erakunde terrorista baten desagerpena? Zergatik ez duzu horren disoluzioan lagunduko?”, galdetu dio Rajoyk Beitialarrangoitiari.

Era berean, “zauriak itxi” behar direla onartu du Rajoyk, baina erantzukizun handiena duena zauri horiek sortu dituena dela gaineratu du.

Rajoyrekin biltzeko prest agertu da Beitialarrangoitia

Euskadin bakea lortzeko helburuarekin, “eguna, ordua eta tokia” zehaztea eskatu dio Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak Mariano Rajoyri.

“Bakearen alde dugun konpromisoa benetakoa da”, azpimarratu du EH Bilduko bozeramaileak.

ETAren amaierari dagokionez, egun bizi dugun “blokeo egoeraren inguruan” hausnar dezan iradoki dio Rajoyri. Halaber, “zauri batzuk ixteko” ez direla beste batzuk ireki behar erantzun dio Beitialarrangoitiak jardunean dagoen Espainiako presidenteari.

Ildo horretatik, Irlandako Armada Errepublikarra (IRA) oraindik ez dela desegin gogora ekarri du. “Mundu guztiak daki erakunde armatu horrek ez duela biolentzia erabiliko”, gaineratu du.

Beitialarrangoitia Rajoyrekin biltzeko prest agertu da eta,  aurrera egin ahal izateko, eguna, ordua eta tokia zehazteko eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Mariano Rajoy EH Bildu Bizkaia Gaurko azken orduko albistea