Politika -
Erregearekin bilera erronda
Bigarren bozketan PSOE abstenitu egingo dela baieztatu du Fernandezek
Bilera erronda amaitutakoan, erregeak presidentegaia izendatuko du eta, ondoren, Ana Pastorrek inbestidurarako lehen saioa deituko du.
agentziak | erredakzioa
Javier Fernandez PSOEren batzorde kudeatzaileko presidenteak gaur Felipe VI.a erregeari jakinarazi dio PSOEk kontra bozkatuko duela Rajoyren inbestidura saioko lehen bozketan, baina abstenitu egingo dela bigarrengoan.
Felipe VI.a erregearekin 50 minutu inguruko bilera egin ostean, PSOEren erabakiaren berri eman diola adierazi du Javier Fernandezek kazetarien aurrean.
"PSOEren jarrera jakinarazi diot, hots, igandeko Batzorde Federalak hartutako erabakia. Lehendabiziko bozketan PSOEk kontra bozkatuko du eta bigarren bozketan abstentziora joko du", aldarrikatu du.
Iglesiasek PPren, PSOEren eta Ciudadanosen arteko akordioak iragarri ditu
Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak gaur ohartarazi duenez, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdiek elkarri mokoka ari direnaren itxura egingo dute, baina akordio estrategikoak lortuko dituzte.
Hiru alderdi horien arteko ituna inbestidura saiotik harago joango dela uste du Iglesiasek, eta legegintzaldi luzea iragarri du. Haren esanetan, "zaila" izango da PSOE eta Ciudadanos gizartearen aurrera oposizioko alderdi gisa aurkeztea.
Egoera horren aurrean, Podemosek oposizio lana egingo duela aldarrikatu du Pablo Iglesiasek, nahiz eta lan zaila izango dela aitortu duen.
Rivera: Ciudadanosek 'bai' bozkatuko du Rajoyren inbestiduran
Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak iragarri duenez, Mariano Rajoyren inbestiduran "bai" bozkatuko du bere alderdiak. Riverak berak hala jakinarazi dio PPko buruzagiari eta Felipe VI.a erregeari.
Riveraren hitzetan, bere taldearen baietzak egoera politikoa "desblokeatzeko" eta jendeak eskatzen dituen "konponbideak" martxan jartzeko balioko du.
Erregearekin bildu ostean egin ditu adierazpenok Riverak. Nabarmendu duenez, PPk Ciudadanosen baldintzak beteko dituela hitzeman dio. Lehena, Rajoyk "kontrako botoak baino aldeko gehiago" izatea (PSOE abstenituta, gehiengo soila edukiko du PPk) eta, bigarrena, abuztuan adostutako 150 neurriak beteko dituela.
Rajoy, 15:30ean
Felipe erregeak gaur, asteartea, bukatuko du alderdiekin hasitako bilera sorta, inbestidurarako hautagaia izendatzeko, eta, antza denez, posible izango da helburua betetzea, PSOEk abstentzioaren alde egitea erabaki eta gero, Mariano Rajoyren inbestidura ahalbidetuta.
Hala, erregeak aurrekoetan baino ordu batzuk lehenago bukatuko du bilera-sorta, eta horrek erraztu egingo du Kongresuko Presidentetzak, hau da, Ana Pastorrek, Inbestidura Saioa ahalik eta arinen deitzea, eta baliteke bihar bertan egitea, hala nahi baldin badu.
Lehen batzarrak goizean hasi dira, Joan Baldovi Compromiseko buruarekin. Ondoren, Xabier Domenechen txanda izan da, eta gero, Albert Riverarena, Pablo Iglesiasena eta Javier Fernandezena. Bazkaldu eta gero, Mariano Rajoyrekin elkartu da, 15:30an.
Ohi legez, erregeak alderdi txikienetatik hasi ditu bilerak, handienarekin bukatzeko, Diputatuen Kongresuan lortutako eserlekuen arabera.
Astelehenean, Felipe VI.ak Pedro Quevedo Nueva Canarias alderdiko burua hartu zuen; Isidro Manuel Martinez Oblanca Foro de Ciudadanosen ordezkaria; Ana Maria Oramas, Coalicion Canariakoa eta Javier Esparza, Union del Pueblo Navarro alderdiaren presidentea (ez da diputatu). Horietatik, lehenengoak Rajoyren aurkako botoa berretsi zuen, eta CCk, Forok eta UPNk baiezkoa emango zutela berretsi zuten.
Era berean, Maria Rosa Martinez Equoko diputatua, Alberto Garzon IUko koordinatzaile federala; Aitor Esteban (EAJ), Alexandra Fernandez (En Marea) eta Francesc Homs (Convergencia Demcratica de Catalunya) izan ziren. Horiek guztiek ezezko botoa emango dutela adierazi zioten erregeari.
Abenduaren 20ko hauteskundeetatik izandako lau bilera sortetan bezala, ERCk eta EH Bilduk esan dute ez direla erregearekin batzartuko, koroaren aurka daudela adierazteko.