Politika -
Memoria historikoa
Martxoak 3 elkartea: 'Inpunitatearen kontrako aro berria hasi da'
Arabako erakundeek aurkeztutako kereilek justizia egiteko eta egia jakiteko "aukera" emango dutela uste du elkarteak.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Martxoak 3 elkarteak pozez hartu ditu Arabako Batzar Nagusiek, Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hilketen harira aurkeztutako bi kereila kriminalak. Elkartearen ustez, "inpunitatearen kontrako aro berria hasi da".
Arabako hiru erakundeek kereila kriminala aurkeztu zuten atzo, 1976ko martxoaren 3an izandako hilketak argitu eta ardura penalak eskatzeko. Langileen protesta batean parte hartzen ari ziren bost pertsona hil zituen tiroz Espainiako Polizia Armatuak. Hildakoez gain, ehunka lagun zauritu ziren duela 40 urteko sarraskian. Oraingoz, ez dute inor zigortu egun hartan Arabako hiriburuan gertatutakoagatik.
Andoni Txasko eta Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideek balorazioa egin dute biharamunean. Kereilak tramitera onartu dituztelakoan daude, eta, hala, "inpunitatearen kontrako aro berria" hasiko dela nabarmendu dute. Izan ere, euren aburuz eta nazioarteko jurisprudentziak hala ezarrita, gizateriaren kontrako delituek "ez dute preskribatzen", eta ezin da amnistia eman.
Atzokoan aurkeztutako kereilez gain, Maria Servini Argentinako epaileak Frankismoko krimenengatik (1976ko sarraskia ere tartean dago) zabaldutako auzia ere badago. 20 pertsona atxilotzeko agindua eman zuen Servinik, baina Txaskok gogorarazi duenez, Estatua estradizioen kontra azaldu da, eta Fiskaltzak inputatuak galdekatzea "oztopatu" du.
Horregatik guztiagatik, Arabako erakundeen kereilak oso garrantzitsuak direla uste dute Martxoak 3 elkarteko kideek. Egia jakiteko, justizia lortzeko eta biktimei eragindako mina aitortzeko "aukera" emango du, euren iritziz.
Beste erakunde batzuek (Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek eta Estatuko udal batzuek) ere kereilak aurkeztea pozgarria dela esan dute Martxoak 3 elkarteko kideek.