Politika -
Legegintzaldi berria
PP Legebiltzarreko Mahaitik kanpo geratuko da, 1990etik estreinakoz
Alfonso Alonsok EAJri ohartarazi dio Alderdi Popularra mahaitik kanpo uzteak ondorioak izango dituela legegintzaldi osoan, ‘’ate bat ixten duelako’’.
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi Popularra Eusko Legebiltzarreko Mahaitik kanpo geratuko da legegintzaldi berrian, gainerako alderdiek lortutako akordioaren ostean. Datorren ostiralean egingo dute Legebiltzarra osatzeko saioa, eta horri begira legebiltzarra osatuko duten bost taldeetatik lauk akordioa ixtear dute.
Hala, EAJk Mahaiaren presidentetza eta idazkaritza bat hartuko ditu; EH Bilduk, berriz, lehen presidentetza ordea; bigarren presidente ordea, berriz, Elkarrekin Podemos koaliziokoa edo PSE-EEkoa izango da. Idazkaritzak, berriz, bi talde horietako batek eta EAJk hartuko dituzte (Legebiltzarreko Mahaia bost kargu ditu: Presidentetza, bi presidentetza orde eta bi idazkaritza).
Hala, Alderdi Popularra Mahaitik kanpo geratuko da, 1990etik estreinakoz. Izan ere, laugarren legegintzalditik izan du ordezkapena bertan, eta bederatzigarrenean Arantza Quiroga (PP) izan zen Legebiltzarreko presidentea, sozialisten babesarekin. Patxi Lopez sozialista izan zen urte horietan lehendakaria.
Javier de Andres Arabako PPko buruak onartu egin du ez daudela ‘’batera pozik’’ egoerarekin, eta nahiago zutela organo horrek ‘’ordezkaritza zabalagoa’’ izatea.
Alfonso Alonsok EAJri ohartarazi dio Alderdi Popularra mahaitik kanpo uzteak ondorioak izango dituela legegintzaldi osoan, ‘’ate bat ixten duelako’’. ‘’Gu pertsona serioak gara, eta ez da arrazoizkoa gure kontrako jarrera izan eta horrek ondoriorik ez izatea’’, esan du.