Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

EH Bildu: 'Zer egingo du EAJk autogobernu gehiago ukatzen diotenean?'

Miren Larrionek zalantzan jarri du zein jarrera hartuko duen EAJk Espainiako Gobernuak Euskadi nazio bezala aitortzeko asmoa baztertzen duenean.

Miren Larrion, Radio Euskadiko elkarrizketan. Argazkia: EiTB.
Miren Larrion, Radio Euskadiko elkarrizketan. Argazkia: EiTB.
EH Bildu, gobernagarritasuna errazteko prest

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak autogobernu gehiago izateko eta Euskadi nazio bezala aitortzeko asmoa ukatzen dionean zein jarrera hartuko duen galdetu dio Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkide hautetsiak EAJri asteazken honetan.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Miren Larrionek adierazi du EH Bilduk bat egiten duela EAJrekin autogobernua handitzeko bidearen lehen urratsekin, alegia, euskal alderdien arteko akordioa lortu eta gerora Madrilera balizko akordio hori eramatearekin, baina zalantzan jarri du zer egingo duen Andoni Ortuzarrek zuzentzen duen alderdiak Espainiako Gobernuak baztertzen duenean.

"Zalantza hori argitu behar du EAJk", nabarmendu du.

Jeltzaleak Gobernua osatzeko egiten ari diren elkarrizketa-sortaz, Larrionek esan du EH Bildu dokumentu bat ari dela prestatzen bigarren bilera horretara eramateko, eta koalizioak "gobernagarritasuna eta herrialde mailako akordioak" erraztu nahi dituela berretsi du.

"Ez dugu aurreikusten Gobernuan zuzenean sartzea, gure jendea kokatzea ez da gure asmoa. Halaber, ez dut EH Bildu ikusten oposizioko talde argi bezala; Gobernuan egon gabe ere gobernatu ahal da, bestelako aukera eta itunen bidez", esan du.

Espainian dagoen egoera politikoari dagokionez, Larrionek adierazi du "kezkatuta" dagoela, gaur egungo egoera "atsekabegarria" baita.

"Europar Batasunak Gobernua osa dadin egiten du presioa; hala, Espainiako zorra ordaintzeko murrizketak ezartzeko aukera izango luke. Pobrezia handiagoa datorkigu, eta ekonomian berriro izango da dezelerazioa; etorkizuna beltz dago", esan du. Halaber, Larrionek azpimarratu du aukera dagoela egoera horri aurre egiteko "herrialde mailako akordio handien bidez".

PSOEren egoera "ez da ona inorentzat"

Hirugarren hauteskunde orokorrak deitzeko aukeraz ere eman du iritzia Larrionek. Horren ustez, PSOEren egoera "ez da ona inorentzat", baina "ustelkerian gehien murgilduta dagoen alderdia (PP) hauteskundez hauteskunde gero eta sendoago dago", azpimarratu du.

"EAJk PSOE edo PP horiekin adostuko al du?", galdetu dio bere buruari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Hauteskundeak Euskadin Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Eguneko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak