Politika -
Krisia PSOE-n
PSOEko diputatu gehienen ustez hauteskundeak dira aukerarik txarrena
Sanchezen exekutiba ohiaren kideek, baina, ez dute hitz egin Kongresuan, atea itxita, egin duten bileran. Sanchezi eserlekua aldatu diote Kongresuan, eta laugarren errenkadan dago orain.
Agentziak | Erredakzioa
PSOEk Kongresuan duen taldeak bilera egin du astearte honetan, eta kideetako gehiengoaren ustez hirugarren hauteskundeak dira aukerarik txarrena, alderdi sozialistako iturriek jakitera eman dutenez.
Hau izan da bileran hitza hartu duten diputatuen gehiengoak defendatu duena. Zehazki, 26 diputatuk hitz egin dute bileran, eta horietatik hiruk bakarrik plazaratu dute batzorde kudeatzailearen iritziaren kontrakoa jarrera.
Hitza hartu dutenen artean inork ez du 'abstentzioa' hitza esplizituki aipatu, baina diputatu askoren hitzek aukera hori utzi dute agerian, Europa Pressek aipatzen dituen iturrien arabera.
''Perifrasi askorekin esan daiteke, baina abstentzioa defendatu dute'', esan du Sanchezen aldeko diputatu batek. Horixe berau baieztatu du bilera bukatuta Adriana Lastra ordezkari asturiarrak ere. ''Modu irekian'' ez dute abstentzioa eskatu, baina hori interpretatu du berak, Lastaren hitzen arabera.
Madinak eserleku utzi dio Sanchezi
Gaurkoan, PSOEren taldeak eserlekuen berrantolaketa egin du Diputatuen Kongresuan, eta, hasieran, bosgarren errenkadara eraman dute Pedro Sanchez. Hala ere, Eduardo Madinak uko egin dio Sanchezen aurretik esertzeari, eta laugarren errenkadako tokia utzi dio.
Orain arte Sanchezena zen eserlekuan Antonio Hernando bozeramailea eseriko da aurrerantzean.
Pedro Sanchezen eserleku berria, laugarren errenkadan. EFE
Javier Fernandez: 'Ezin dugu baztertu militanteei hitza ematea'
Javier Fernandez PSOEren zatiketaren ostean osatutako batzorde kudeatzailearen presidenteak nabarmendu duenez, ezin daiteke baztertu Rajoyren inbestidurari begira militanteei hitza ematea, "eurak dira-eta alderdian agintzen dutenak".
Erabakia, dena dela, Batzorde Federalaren esku egongo da. Inbestiduran zein jarrera hartu bere kasa erabaki edota militanteen gehiengo batek babestutako aukeraren alde egitea erabaki lezake, Fernandezen hitzetan.
"Abstenitu egingo garela ziurtzat ematen ari zarete, baina nik ez dut hori uste. Erabakia batzordeak har lezake, subiranotasunez, edo alderdiaren oinarriek", esan du Fernandezek Cadena Ser irrati katean.
Asturiasko presidentearen aburuz, bi aukera ditu PSOEk: PPren gobernua ahalbideratu, bera izan baita alderdirik bozkatuena, edo hirugarren hauteskunde batzuk egin.
"Konponbide txarrak dira biak, baina PSOEk erabaki behar du zein den Espainiarentzat eta PSOErentzat hain txarra ez dena", azaldu du.
Horren esanetan, oraindik ez dakite noiz osatuko den Batzorde Exekutiboa, baina "Rajoyk sozialistekin duen jarrera gorabehera" izango da.