Politika -
BATZARRA, EIBARREN
Gure Esku Dago: 'Erabakia egikaritzeko aukera berriak sortu dira'
'Hauteskundeak igaro berri, aukera berriak sortzen dira erabakia egikaritzeko bidean, eta bide horretan herritarron ekarpena erabakigarria izango da', esan dute herri dinamikako kideek.
EITB.EUS
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamika batzarra egiten ari da asteburu honetan Eibarren. Bertan, besteak beste, hauteskunde ondorengo egoeraren analisia egin dute eta datozen hilabeteotako erronkak plazaratu dituzte.
Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas plataformako bozeramaileek esan dutenez, Gure Esku Dago dinamikak "etapa berri bati hasiera" eman dio, eta 2016-2017 ikasturtea erabakigarria izango da: "urrats garrantzitsua egingo dugu erabakirantz", esan dute.
Hauteskundeen emaitzek garbi erakutsi dute, eledunen hitzetan, "erabakiaren bidean aurrera egiteko ikuspegia indartzen" ari dela. "Herritarrok jokatzen dugun papera funtsezkoa izaten ari da; ehuntzen, adosten eta erabakitzen jarraitzen dugu", gaineratu dute.
"Hauteskundeak igaro berri, aukera berriak sortzen dira erabakia egikaritzeko bidean, eta bide horretan herritarron ekarpena erabakigarria izango da", esan dute.
Azaroaren 27an Dima eta Bakaikun egingo dira herri galdeketak, eta 2017an 100 herri ingurutan. Horrek atzetik eskatzen duen lana eta antolaketa bideratzeko, formazio saioak antolatu ditu Gure Esku Dagok asteburu honetarako. 150 lagunetik gora bilduta daude, atzotik, Eibarren. Antolatzaileen esanetan, "izen emateek gainezka egin dute eta, beste behin, argi eta garbi ikusi dugu herritarrok prestatu egin nahi dugula erabakitzeko".
Bi gai nagusi ari dira jorratzen batzarrean: herri galdeketak, batetik, formazio teorikoan eta praktikoan sakonduz, eta dinamikaren bide orria, bestetik, 2018. urtea jomugan jarriz. Dinamika parte hartzaile bat jarri dute abian Gure Esku Dagoren bide orria eta helburuak garatzeko, beti ere, joan den urtean aurkeztutako Eskura dokumentutik abiatuta.
Horrela, hilabete inguru iraungo duen prozesuari hasiera eman diote, eta mahai gainean jarritako oinarrien inguruko lanketa egingo dute herrietako dinamikek datozen asteetan. Prozesu horren emaitza abenduan aurkeztuko dute.