Politika -
KTALUNIA
2017rako galdeketa iragarri du Puigdemontek, 'Estatuak babestu ala ez'
Kataluniako Parlamentean egin du iragarpena Puigdemontek, konfiantza galdea aurkeztu duen saioan. 'Edo erreferenduma, edo erreferenduma', esan du, hitzez hitz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen konfiantza-galdeari buruzko eztabaida abiatu da gaur Kataluniako Parlamentuan. 16:00etan hasi da saioa, eta hitza hartu orduko, Puigdemontek iragarri du 2017rako independentziari buruzko galdeketa deituko duela, "Estatu Espainiarraren babesarekin edo babesik gabe".
Ordubete inguru iraun duen hitzaldian, presidenteak garbi esan du: "Edo erreferenduma, edo erreferenduma".
Ezusterik izan ezean, Puigdemontek arazorik gabe gaindituko du konfiantza mozioa, biharko bozketan, CUPek dagoeneko iragarri baitu babesa eskainiko diola. Baina bozketak berak baino gehiago Puigdemontek egingo duen erreferendum-proposamenak piztu du interesa.
Hain zuzen, Espainiari igorriko dion proposamena aurkeztu du Puigdemontek. Estatuak proposamena atzera botata ere, prozesu independentistarekin aurrera egiteko eta mahai gainean duten bidaia orriari eusteko konpromisoa berretsi du, behin eta berriz, Kataluniako presidenteak. Horretarako, CUPek eta Junts pel Sik, ondo bidean, datorren udaberrirako adostuko duten deskonexiorako legean babestuko da.
Estatuarekin adostutako erreferenduma deitzearen alde agertu da Puigdemont. Hori litzateke, bere iritzian, aukeren artean "egokiena". "Kataluniako Gobernuarekin elkarlanean leial arituko den Espainiako Gobernu batekin" hitz egiteko "borondate osoa" agertu du.
Hala, Espainiako Gobernuak elkarlanerako borondatea adieraziko balu, galdeketaren inguruan negoziatzeko prest agertu da: galdera, data, loteslea izateko quorumak edota bestelako xehetasunak.
Estatuarekin erreferenduma negoziatzeko, beraz, eskua luzatuta duela eta horrek ez duela "iraungitze datarik" zehaztu du, baina bitartean prozesu independentistak aurrera egingo duela argi utzi du. 2017 amaierarako "Estatua sortzeko oinarrizko egiturak" onartuta izango dituela Parlamentuak esan du Puigdemontek: "Kataluniak berme guztiak izango ditu Estatu Espainiarretik bereizteko".
CUPi ohartarazpena
Bestalde, Puigdemontek CUPi ohartarazi dio 2017rako Aurrekontuak babesten ez baditu, hauteskundeak aurreratuko dituela. Presidentearen hitzetan, "aurrekonturik gabe, ezinezkoa da ondo gobernatzea". Beraz, ekainean gertatutakoa ez errepikatzea espero duela esan du Puigdemontek.
Kataluniako Generalitateak aurkeztutako Aurrekontuak ez onartzea erabaki zuen CUPen Kontseilu Politikoak eta Parlamenturako Ekintza Taldeak. Talde horrek osoko zuzenketa aurkeztu zuen eta, ondorioz, CDCren eta ERCren Aurrekontu proiektuak ez zuen aurrera egin.
"Aurrekontuak babesteko asmorik ez duenak, biharko bozketan ez dezala konfiantzarik adierazi", esan du.