Politika -

Aurkezpena

Agirre lehendakariaren bost dokumentalak, Zinemaldian ikusgai

Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrenaren ospakizun ekimenen testuinguruan, ETBk Agirre lehendakariaren gainean ekoitzitako bost dokumentalak Donostia Zinemaldian izango dira ikusgai.

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren eta Jose Antonio Agirre lehendabiziko lehendakariaren 80. urteurrena ospatzeko ekimenen testuinguruan, Euskal Telebistak bost dokumental ekoitzi ditu, eta astearte honetan, irailak 20, Donostia Zinemaldian, Euskal Zinemaren Egunean, izango dira ikusgai.

ETBk Donostiako Londres Hotelean aurkeztu ditu bost dokumentalak, eta Edu Barinaga (ETBko zuzendari nagusia), Hannot Mintegia, Estibaliz Urresola, Maider Oleaga eta Mikel Rueda zuzendariak (horiek egin dituzte dokumentalak), Maite Ibañez (New Media ekoiztetxeko ekoizle exekutibo eta Buscando a Agirre dokumentalaren gidoilaria) eta Idoia Uriarte (Euskalteleko Telebista eta Berrikuntza zuzendaria) izan dira bertan.

Edu Barinaga ETBko zuzendari nagusiaren arabera, euskaldunok zor historikoa dugu Jose Antonio Agirrerekin. Lehendabiziko lehendakaria hautatu zuteneko 80. urteurrena dela eta, egoera hori konpontzen saiatu direla adierazi du: “Gure izaeraren ispilu deitu dugun aitormen proiektuarekin, joan den mendeko euskal politikari garrantzitsuenetako bat gizarteratu nahi dugu. Jose Antonio Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren buruan, bai gerra garaian Euskadin zegoela bai Frankismo garaian erbestean zegoela, egin zuen lanak gaur egun ezagutzen dugun Euskadiren sustraiak errotzeko balio izan du”.

Dokumental horiek ekoizteko lanean, Euskaltel taldea izan du lagun Euskal Telebistak. Euskalteleko Telebista eta Berrikuntzako zuzendariak, Idoia Uriartek, operadoreak ikus-entzunezko sektorea babesteko duen programaren testuinguruan kokatu du laguntza, dokumental, serie eta film luzeak egiten laguntzeko programan. “Azken urte honetan, 13 ekoizpenetan parte hartu dugu eta lan horiek ikusleen izugarrizko onespena jaso dute. Horrek gaur egun euskal ekoizpenen kalitatea zer-nolakoa den erakusten du”.

Idoia Uriartek esan duenaren arabera, ikus-entzunezko edukiek bere biziko garrantzia dute Euskaltel Telebistarentzat, funtzionaltasun berrikuntzak etengabe gaurkotzen ari direlako eta konpainiarentzat alor estrategikoa delako. “Gure bezeroek telebista nahi duten tokian eta nahi duten moduan ikustea nahi dugu. Gainera, sektorearekin dugun harreman horri esker, eduki horiek gure telebistako bezeroekin partekatu ditzakegu eta, era berean, ikus-entzunezko ekoizpen etxeei publizitatea egin”.

Agirreren bidaia

Agirre lehendakariak egin zuen bidaia bere egunerokoan jasorik dago, baita horretan oinarritzen den Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz liburuan ere, eta hori bera izan da lau euskal zuzendarik egin dituzten beste horrenbeste autore dokumentalen abiapuntua. Horietako lehenengoak (Gernika. Markak) Gernikako bonbardaketa du oinarri. Hannot Mintegia zuzendariaren esanetan, dokumentala ez da Agirre lehendakariaren lan historiografiko bat: “Egia da Gernikako bonbardaketak Agirre lehendakaria guztiz markatu zuela, bai pertsona bai politikari bezala, baina dokumentala pluralagoa egin nahi izan dut, gaur egungo gizon eta emakumeen erretratua, munduaren aurrean herri bat markatu zuen gertakari baten oroitzapenekin eta pisuarekin bizi izan diren gaur egungo gizon eta emakumeena”.

Estibaliz Urresolak zuzenduriko Paris. Paperezko ahotsak da bidaia horren bigarren geltokia. Bertan, herri baten eta bere kulturaren defentsan sutsu aritu zen Agirre lehendakariaren erretratua egiten da. Dokumentalak Eresoinkaren jaiotza pantailaratzen du, kulturaren eta artearen bitartez, Agirre lehendakariak gerrari aurre egin nahi izan baitzion: “Pertsonaian sakontzen hasi nintzenean, euskal kultura eta artearentzat izan zuen garrantziaz konturatzen hasi nintzen. Garai zail eta ilunak ziren gure herriarentzat, baina Eresoinkaren jaiotzarekin euskal kultura Europako antzoki onenetan entzun ahal izan zen”.

Berlin: iragan gunea Berlin da Agirreren bidaiaren hirugarren dokumentala. Maider Oleagaren zuzendaritzapean, hiri ezezagun batera euren bizitza berregiteko asmoz iristen diren bidaiari bakartien bizitzaren erretratua egin nahi du. “Agirre 1941ean iritsi zen Berlinera, erbesteratua, bakarrik eta identitate faltsu batekin. Bere etsaiak zirenen artean bizi izan zen, eta, ia lau hilabete geroago, handik alde egitea lortu zuen. Ideia hori abiapuntu hartuz, Berlineko kaleetan barna iragan gunean dabiltzan jatorri ezberdineko bost ezezagun erretratatu nahi izan ditut. Horietako bakoitza, beste edozein tokitan bere bizitza izanik eta nora joan erabakitzen”.

Bidaiari amaiera ematen dion dokumentala New York. Bosgarren solairua da, Mikel Ruedak sinaturikoa. Ruedak besteei laguntzeko euren denbora ematen duten pertsonen arrazoiak aztertzen ditu ikus-entzunezko honetan. Jose Antonio Agirre horixe bera egiten aritu zen lehendakari lanetan, Parisen 1960an hil zen arte. Mikel Ruedaren ustez, ekintzarik xumeenak ere besteengan izugarrizko eragina izan dezake: “Bost axola gure ekimenak garrantzi gabekoak badira ere, horiek ere garrantzitsuak izan daitezke beste askorentzat. Egiten dugun edozerk ondorioak eta eraginak dituela uste dut, aldaketak sorrarazten dituela, eta hori da New York. Bosgarren solairua dokumentalaren abiapuntua”.

Buscando a Agirre

Buscando a Agirre Minoría Absoluta eta New Digital Media Euskadiren arteko elkarlana da, Jose Antonio Agirre lehendakariaren historia pertsonal eta profesionalean barna egiten duen erretratua. Daniel Grao aktorearen parte hartzea giltzarri da, lehendakaria interpretatzeko agindua jaso ondoren pertsonaia ezagutzeko egiten duen bidaia baita dokumentaleko hari nagusia. Biografia klasikoa birsortzen duen proposamen berritzailea da.

“Dokumentalaren elementurik interesgarriena formatua da, fikzioaren eta elkarrizketen arteko lotura perfektua. Daniel Graoren eta elkarrizketatuen artean sortzen den harremana zuzena da eta emaitza askoz intimoagoa da, gertuagoa. Hori horrela, Daniel Graoren aurrean baino Agirre lehendakariaren aurrean zaudela uste duzu”, azpimarratu du Maite Ibañezek, New Media ekoiztetxeko ekoizle exekutibo eta lan horren gidoilariak.

“Aurrez aurre ezagutu zutenek edota ikertu dutenek pertsonaiaren ezagutzan lagundu egingo dute aktorea. Amaia eta Aitor birbilobek eta Xabier ilobak Agirreren izaera intimoena kontatuko diote; Alberto Santanak txokolate fabrika bateko jabegoa zuen familiaren erretratua egingo du, eta gerra garaian erbestera alde egin eta Berlinen bizi behar izan zitueneko garai latzak azalduko ditu; Jose Angel Iribarrek Athletic-eko jokalari zenekoa kontatuko du; Iñaki Anasagastik Getxoko alkate eta diputatu izatera nola iritsi zen azalduko du; Andoni Ortuzarrek Gernikako zinaren sinbologia zein den esango du; Xabier Irujok Gerra Zibila eta bonbardaketak gogora ekarriko ditu; Arantzazu Amezagak erbesteratuen bizitzaren atzerabegirakoa egingo du; Leyre Arrietak Agirreren Europar Batasunaren aldeko defentsa sutsua zein izan zen azalduko du. Azkenik, Gorka Landaburu bere haurtzaroko oroitzapenetan barrena joango da, lehendakariaren heriotza eta hileta elizkizunak gogora ekartzeko”.

Principe eta Victoria Eugeniako emanaldiak

Agirreren bidaia osatzen duten lau aktore dokumentalek. bihar, asteartea, irailak 20, estreinatuko dira Donostiako Principe zine-aretoetan Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren programazio barruan. Lehenengo biak Paris. Paperezko ahotsak eta Berlin: iragan gunea Berlin 10:00etan ikusi ahal izango dira 3. eta 9. aretoetan, hurrenez hurren. New York. Bosgarren solairua eta Gernika. Markak 12:00etan pantailaratuko dira areto horietan. Daniel Grao aktoreak parte hartzen duen Buscando a Agirre dokumentala, aldiz, Euskal Zinemaren eta ETBren Galan aurrestreinatuko dute, Victoria Eugenia antzokian 20:45ean egingo den ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Zinemaldia Donostia albisteak Euskal Telebista Jose Antonio Agirre