Politika -
Alderdi Popularraren ekimena
Legebiltzarrak ez ditu diru-sarrerak bermatzeko baldintzak gogortuko
Alderdi Popularra bigarren aldiz saiatu da diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortzen, baina EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk ekimena geldiarazi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Alderdi Popularrak diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortzeko legegintzaldi honetan egindako bigarren saiakera.
Egoera irregularrean dauden etorkinei eta Euskal Autonomia Erkidegoan bost urtez bizi izan direla egiaztatzeko erroldarik ez dutenei laguntzarik ez ematea proposatzen zuen Alderdi Popularrak.
Bigarren aldia da gai bera eztabaidatzen dutela Gasteizko Ganberan. Urrian, ‘Ayudas+Justas’ plataformak bultzatutako herri ekimen legegile bat eztabaidatu behar izan zuten. Talde parlamentario guztiak, PP salbu, proposamenaren kontra agertu ziren, diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko baldintzak gogortzea suposatzen zuelako.
37.000 sinadurarekin babestutako herri ekimen horrek porrot egin ostean, PPk berriro heldu zion gaiari eta maiatzean antzeko lege proposamen bat aurkeztu zuen. Alabaina, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk proposamenaren kontra bozkatu dute eta ekimena ezerezean geratu da.