Politika -
AUZITEGIAK
Arraizi 16.200 euroko isuna ezartzea eskatu du Estatuko Abokatutzak
Euskal Herriak Guardia Zibilari 'jaque mate' egin behar ziola esateagatik, Estatuko Abokatutzak EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako akusazio idatzian eskatu du Sortuko presidenteari isuna jartzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hasier Arraiz Sortuko presidenteari 16.200 euroko isuna jartzea eskatu du Estatuko Abokatutzak, Euskal Herriak Guardia Zibilari 'jaque mate' egin behar ziola esateagatik .
EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu du Estatuak Arraizen kontrako akusazio idatzia, irain larriak egitea leporatuta. Zigor Kodearen 22.4 artikulua astungarri gisa erabiltzeko eskaria ere egin du Abokatutzak.
Artikulu horren arabera, arrazakeria edota klase arteko bazterkeria izan bada irainak egiteko arrazoia, delituari zigor astungarria ezar dakioke.
Hil honetan bertan, Sortuko presidenteari bi urteko espetxe-zigorra eta kargu publikoan aritzeko debeku berezia ezarri dizkio EAEko Auzitegi Nagusiak, Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak eta Iñigo Iruin abokatuak adostu bezala. Joan den astean utzi zuen legebiltzarkide kargua.
Arraiz 2007ko urrian atxilotu zuten Seguran (Gipuzkoa), ezker abertzaleko beste buruzagi batzuekin batera. ETAko kide izatea leporatu zieten denei, eta 04/08 sumarioan auzipetu zituzten. Arraiz foruduna denez, EAEko Auzitegi Nagusian epaitu behar zuten.