Politika -
EiTB
ETBk Nafarroan ez emititzea eskatu du Madrilek; Foru Gobernua, aurka
UPNren Gobernu ohiak jarritako salaketa baten ondorioz etorri da eskaera. Uxue Barkosen Exekutiboak kendu egin du salaketa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuaren Industria Ministerioak ETBren Nafarroako emisioak etetea eskatu dio Foru Exekutiboari.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, Exekutiboak astelehenean izan zuen aginduaren berri. Aurreko Gobernuak (UPN) jarritako salaketa baten ondorio da.
"Botere aldaketan ez ziguten salaketaren berri eman", deitoratu du Ana Ollok. "Guk ez genuen salaketaren berri", gaineratu du.
Horren esanetan, Juan Luis Sanchez de Munian UPNko parlamentariak "gai honi buruz galdetu zidan Nafarroako Parlamentuan, baina ez zuen aipatu salaketa jarri zutela".
Hori horrela, Nafarroako Gobernuak bere egin du Foru Parlamentuak 2013an gai honi buruz adostutako ebazpena (garai hartako Gobernuari ETBren emisioak erraztea eskatu ziona), eta aurreko Exekutiboaren salaketa erretiratzea erabaki du. Gainera, kautelazko neurriak kentzea eskatu dio Industria Ministerioari.