Politika -

Elkarrizketa

Otegi: 'Prozesu independentista martxan ez jartzea akatsa da'

Arnaldo Otegik esan du Estatuak eztabaida politikoa saihestu nahi duela, "ETAren armagabetzea eta presoen auziak blokeatuta" mantenduz.

Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Otegi: 'Estatuak ez du interesik ETAk armak entregatzeko'

8:21

G. P. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak esan du gatazkaren ondorioak konpondu egin behar direla, baina, aldi berean, prozesu independentista abian jarri behar dela. “Une honetan prozesu independentista ez dago martxan eta hori akatsa da”, adierazi du.

ETB1eko Azpimarra+ saioan egindako elkarrizketan, Otegi ziur agertu da ETAk jarduera armatua betirako uzteko arrazoi nagusia “ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketa” izan zela.

Armagabetze prozesua eta presoen auzia “blokeatuta” daudela onartu du. “ETAk armak entregatu nahi ditu, baina Estatuak ez du horretaz ezer jakin nahi; denok ikusten dugu presoen gaia konpondu egin behar dela, baina Estatuak ez; Estatuak ez dio eztabaida politikoari heldu nahi, horregatik ez du interesik ETA desegiteko, horregatik blokeatzen du dena”, azaldu du.

Ildo horretan, Otegik erantsi du “hainbat operatibo” martxan dituela Estatuak, armagabetzean eman daitekeen edozein urratsak “oztopatzeko”. “Dena usteltzen utzi nahi du”, deitoratu du.

Gauzak horrela, aldebakartasunaren balioa azpimarratu du eta, bere iritzian, ETA “modu txukun batean” desarmea gauzatzen saiatu beharko litzateke. “Ziur nago hori gertatzen denean Estatuak gehiago kolpatuko gaituela”, gaineratu du.

Presoak eta biktimak

Presoek bide legalak erabiltzeko egindako hautuari dagokionez, Otegik esan du berak helburua zein izan behar duen argi daukala: “presoak ahalik eta azkarren kaleratu behar dira eta horretarako baliabide guztiak erabili behar dira”.

“Estatuak presoak erabiltzen ditu prozesu independentista abian jartzea oztopatzeko eta guk presoak askapen prozesuaren parte bilakatu nahi ditugu. Nolanahi ere, azken erabakia presoei eurei dagokie”, adierazi du.

Bide legalen hautua zergatik ez den lehenago egin galdetuta, Otegik nabarmendu du presoen auzia ezin daitekeela “modu isolatuan” aztertu eta fase ezberdinak egon direla egon direla Euskal Preso Politikoen Kolektiboan anitza dela gogora ekarri du, “denak ez direlako ETAko presoak”.

Ezker abertzalearen baitan sortutako sektore kritikoaren harira, berriz, Sortuko idazkari nagusiak onartu du oraindik badagoela jendea “pentsatzen duena borroka armatua justifikatuta” dagoela. Iritzi horren atzean “frustrazio puntu bat” antzematen du eta, ondorioz, uste du presoen gaia konponduta egongo balitz, ez zela horrelakorik egongo, “disidentzia txikiak egoteko arriskua egon badagoen arren”.

ETAren biktimen sufrimendua aitortzerakoan ezker abertzaleak “urratsak” eman dituela eta bide horretan “ahalegin gehiago” egingo dituela iragarri du. Ildo horretan, esan du “biktimei buruz baino gehiago, biktimekin eurekin hitz egin behar” dela eta ezker abertzalea horretarako prest dagoela erantsi du.

Hala ere,  “elite politiko batzuek biktimen gaia erabili egiten dute guri kontra egiteko. Zenbat aldiz amestu da herri honetan ETAren jarduera amaitzea? Eta amaitu denean lasaiago egon beharrean, sumina handiagoa da”, deitoratu du.

Prozesu independentista

Bestalde, Otegik berretsi egin du prozesu independentista aldebakartasunetik jarri behar dela abian, ez baitu ikusten erabakitzeko eskubidearen inguruan Espainiako Gobernuarekin akordio batera heltzeko inolako aukerarik dagoenik.

“Guk ez dugu uste Estatua demokratizatuko denik. Aukera badago, guk lagunduko dugu, baina konbentzituta gaude ez dela horrelakorik gertatuko. Madrilerako bidea egiteko prest gaude, baina ‘B’ planarekin, ezetzaren aurrean alternatiba bat izanda eta Katalunian egiten ari diren bezalako bidea eginez”, azaldu du.

Krisi ekonomikoa

Egoera ekonomikoaren aurrean eraiki beharreko alternatibari dagokionez, Otegik onartu du ezker abertzaleak azken urteotan ez duela asmatu, gatazkaren ondorioak konpontzea izan duelako helburutzat, gizarteak beste “kezka” eta “arazo” batzuk zituenean.

“Guk agenda bat eta proposamen bat geneukan gatazka konpontzeko eta gatazkaren ondorioak konpontzeko. Baina bitartean krisi ekonomiko batean sartu ginen eta gizartearen kezkak beste batzuk izan dira eta guk gurearekin jarraitu genuen. Hori akatsa izan da”, esan du.

Horrez gain, “gizarteak politikagintzari eta instituzioei buruz iritzia aldatu zuenean egokitu zitzaigun erakunde asko kudeatzea”, gogoratu du.

Otegiren aburuz, krisi ekonomiko berri baten atarian egon gaitezke, “elite politikoetatik mezu positiboak” igortzen diren arren.

“Iñigo Urkullu lehendakariak dio bere programaren % 90a bete duela, baina krisiak jarraitzen du, beraz, programa horrek ez du balio. Jendeari egia esan behar zaio: krisian gaude, aberatsak gero eta aberatsago dira, prekarietate gehiago daukagu eta lan baldintzak eta sozialak okerrera egiten ari dira”, ohartarazi du.

Barne-eztabaida: Sortu eta EH Bildu

Joan den udazkenean Sorturen baitan hasitako eztabaida prozesuaz eta, urtarrilean, hauteskunde orokorretako emaitza txarren ondotik EH Bildun egiten ari diren hausnarketaz galdetuta, Otegik azpimarratu du ezker abertzalea eta EH Bildu bereizi egin behar direla.

“EH Bildu ez da ezker abertzalea. EH Bildu independentista ororen etxea da, anitza da”, adierazi du.

Gauzak horrela, ezker abertzaleak bere kultura politikoan aldaketak egin behar dituela esan du. “Besteak beste, ulertu behar dugu EH Bildu ez dela ezker abertzalea, ez ditu ezker abertzalearen irakurketak egingo.  Guk jendeari entzun behar diogu, jendeari proposamenak egin eta, azkenean, jendeak erabaki dezala”, azaldu du.

Amaitzeko, berretsi egin du EH Bilduren lehendakarigaia izateko prest dagoela, “jendeak hala erabakitzen badu”. Baina, ildo berean, Otegik nabarmendu du lehendakarigaiak baino garrantzitsuagoak direla “proiektu politikoak” eta orain hori lantzeko unea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika albisteak Albisteak Sortu Presoak argazkiak ETA EH Bildu Eguneko albisteak