Politika -
Auzitegi Nazionala
Frantziak Espainiaren esku utzi du Luis Enrique Garate ETAko presoa
1986an, Lucio Aguinagalde euskal industrialaria bahitu izana eta ertzain bat hil izana leporatzen diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako agintariek Espainiako Poliziaren esku utzi dute Luis Enrique Garate ETAko presoa. Besteak beste, 1986an, Lucio Aguinagalde euskal industrialaria bahiketan eta ertzain baten hilketan parte hartu izana egozten diote, zenbait albiste-agentzien arabera.
Espainiaratzea behin betikoa dela zehaztu dute aipatu iturriek. Auzitegi Nazionalak ondoko delituak leporatzen dizkio: erakunde terroristako kide izatea, hilketa, legez kanpoko atxikitzea, gerrarako armak eta lehergaiak gordetzea, dokumentuak faltsutzea eta ibilgailu bat lapurtzea.
Garatek 58 urte ditu. 2004ko otsailean atxilotu zuten Frantzian, Cognac herritik hurbil, Bordele iparraldean.
76 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten, 1986an Lucio Aguinagalde industrialariaren bahiketagatik eta hura askatzeko polizia-operazioan, Zeanurin, ertzain bat hiltzeagatik, EFEk eta Europa Pressek zabaldu dutenez.